Ezinegona eta kezka Aralar 3-5eko bizilagunen artean
Aralar kalea eta Ijurko arteko orubean, goialdeko etxebizitzetatik oso gertu, luizia izan zen astelehenean. Zonaldean egonkortze lanak berehala hasi arren, arduraz bizi dute egoera han bizi direnek.
Kezkatuta daude Aralar kaleko 3-5 atarietako bizilagunak. Ez daude lasai. Izan ere, astelehenean, Ijurko aldera ematen duen orubeko murruaren zati batean lur-jausia izan zen, euren etxebizitzetatik oso gertu. Hango espaloitik behera amildu zen lurra, etxebizitzetatik distantzia labur-laburrera. Lezoko Udalak, Jesus Mari Martiarena alkateak sinatutako agiri bidez bizilagunei ziurtatu die «hasiera batean» luiziaren ondorioz bertako garajeetan (etxebizitzen azpialdean daude) ez dela «inongo eraginik nabari», eta beraz, ez dela bertan bizi diren lezoarrentzat arriskurik. Agiria egiteko Eusko Jaurlaritzako nahiz Lezoko Udaleko teknikariek, eta han lanean ari direnen zuzendaritza teknikoko kideek emandako datuetan oinarritu da alkatea.
Aitor Zabala Aralar 3-5 atarietako bizilagunen erkidegoko presidente da. Adierazi du gertakaria izan eta gutxira bertako horma egonkortzeko eta eremua lurrez betetzeko lanetan hasi direla beharginak. Hau da, gertakaria bideratzeko behin-behineko erantzuna azkarra izan dela. Azaldu du, Eusko Jaurlaritzako arkitektoak hala esanda, eremuari egonkortasuna emango dion neurria hori guztia lurrez betetzea izango dela, aurretik han zegoen magala berreskuratzea, alegia.
Izan ere, Eusko Jaurlaritza da lur eremu horren jabe, udalak emanda. Han, hasiera batean, anbulatorio berria eta babespeko 52 etxebizitza egitea da asmoa. Horiek egiteko lanak hasi zituzten; etenda daude, lanak egiteko ardura duen enpresak horiek egiteko gaitasunik izan ez duelako, Zabalari Jaurlaritzako arkitektoek era ez ofizialean esan diotenez, Ukrainako gerraren krisiak sortutako egoeragatik: «Ofizialki ez dakigu ezer. Udaletik edo Jaurlaritzatik ez digute deus esan. Arkitektoek hitzez esan digute hori, guk galdetuta».
Edonola ere, obren hasieran han zeuden zuhaitzak kendu eta eremua garbi utzi, eta etxebizitzen aldean behin-behineko murru bat eraiki zuten. Murru horretan, goiko espaloiaren aldean, izan da zartaduna. «Esan digute hasiera batean segurua dela zonaldea. Gainera, lurrez betetzen badute, are seguruago izango da. Baina arduratuta gaude hemendik aurrera gerta daitekeenarekin; batetik etxebizitzen egoerarekin, eta bestetik, ikusita zer gertatu den, bertarako aurreikusita dagoen proiektuarekin», zehaztu du Zabalak. Obrak gelditu zirenean, behin-behineko murru hori ez zuten indartu. «Arduragabekeria izan da hori gure ustez».
Aurrekariak
Aralar eta Ijurko arteko eremuan lau altuerako eraikina egitea da asmoa, bertan anbulatorio berria eta babespeko 52 etxebizitza eraikiko liratekeelarik, horietatik hamar lezoarrentzat inguruko bizilagunek Hitza-ri esandakoaren arabera; eskualdeko bizilagunek ere aukera lukete beste 42ak eskuratzeko. Horretarako, udalak eremu hori Jaurlaritzari eman zion, hark egin zitzan lanak.
3-5 atarietako bizilagunen elkargoko bizilagunak adierazi du, hasiera batetik, ez zutela gustuko egitasmoa. Batetik, haien iritzia da eremu horretarako eraikina handiegia dela, eta inguruan gainkarga sor dezakeela. Kezka hori udalari adierazi zioten.
2021eko urriaren 25ean gune horretako zuhaitzak moztu, «di-da batean» bizilagunek esan dutenez, eta lur-huste lanak egiten hasi ziren. 2022ko otsailean obrak eten zituzten, horiek hartu zituzten enpresentzat ekonomikoki ez zelako bideragarria obrak egitea. Ordutik lizitaziorik gabe daude lanak. Urte hartako apirilean agertu ziren lehen zartadurak eremuko goialdeko espaloian, etxebizitzen ondoan (espaloi horren azpiko lurra da erori dena); horren berri ere eman zuten bizilagunek. Balkoi bateko kristala ere hautsi zen. «Guk ez jakin arren, arkitektoek esan digute eremuaren jarraipena egin dutela, kontrola eraman dutela», zehaztu du Zabalak. Alta, zartadura handitzen joan zela adierazi dute bizilagunek, hori udalari jakinarazi, baina erantzunik ez zutela izan, asteleheneko lur-jausira arte.