[Erreportajea] Lezokoak, herria indartzeko tresna
Ez da asko Lezokoak Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu Elkarteak bidea hasi zuela. 40 bazkide ditu jada elkarteak. Hurbiltasuna, kalitatea, konfiantza eta ilusioa dira euren eguneroko lanabesak.
Fran Real (Pisbe taberna), Edurne Mitxeo (Taloka kafetegia), Alicia Osa (Optika Lezo), Imanol Garmendia (Txingurri Pub) eta Garbiñe Aizkorreta (Garbiñe arrandegia) dira Lezokokoak elkartearen zuzendaritzako kideak. Sortu berria da Lezokoak Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu Elkartea. Pandemia garaia izan zen herrian tokiko denda, komertzio, negozio eta ostalaritza guneei bultzada emateko ideia garatzeko aroa. Orduko hartan zabalik izan ziren negozioek ahalik eta hobekien eman zieten zerbitzua lezoarrei, eta itxita izan zirenetako arduradunek aukera baliatu zuten Lezokoak garatzen hasteko. Lehen urratsa elkar ezagutzea, gogoak batzea, eta inguruko herrietako esperientzien berri izatea izan zen. Aurrera egin zuten.
Egun 40 bazkide ditu Lezoarrak elkarteak, askotarikoak dira. Helburuak aipatuta, adierazi dute herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu arloa indartzea dela euren asmoa, eta herriarentzat onuragarria delako hori alde askotatik ikusita. Gainera, horrek lezoarrei zerbitzu hobea ematea ekarriko duela ziur dira. «Ideiak baditugu, gogoa ere bai. Taldean lan egitea onuragarria da denentzat», adierazi dute. Lezoko Udalaren babesa du elkarteak, baita Nekane Agirrezabala eskualdeko komertzio teknikariaren aholkularitza ere.
Lezokoak-ekoek badakite zaila dela herri txiki batean saltokiak aurrera ateratzea. Baina nabarmendu dute, herritarrekin duten harremana zuzenekoa dela, lezoarrak ezagutzen dituztela, eta saltoki handietan ez bezala, arreta pertsonalizatua eta konfiantzazkoa emateko bokazioa dutela: hurbiltasuna, kalitatea, konfiantza eta ilusioa. Horiek dira elkarteko bazkideen ezaugarriak.
Jakin badakite, ordea, Lezon ez daudela beste herrietan adina komertzio. Ondoko herrietara joaten dira lezoarrak behar dutenaren bila: «Tokiko negozioetan inbertitzen badute, ados. Baina merkataritza gune handietara joaten badira, zail dugu aurrera egitea».
Kalera begira
Euren negozioak indartzeaz gain, herrira begira ere ari dira dendak. Adibidez, Lezo Bonuak kanpainako parte dira saltoki asko, eta Santakrutz Jaietan, adibidez, haurrentzako jolasak eta askaria egin zituzten, baita azoka ere. Gainera, Lezon ibili, Lezon erosi leloarekin katiluak eta poltsak banatu dituzte.
Eguberriei begira, saskien zozketak, edo bigarren eskuko azoka (hilaren 17an) egingo dituzte. Gainera, saltokiak argiekin eta loreekin apainduko dituzte, erosketa giro berezia sortzeko. «Jendeak herrian kontsumitzea nahi dugu, eta uste dugu horregatik zerbait ordainean eman behar diegula. Aurrera egiteko haien laguntza behar dugu».
«Nire dendan bezeroekin tratu pertsonala izaten dut»
Junkal Murugarren. Ariz Arropa Denda.
Zortzi urte daramatzat Lezon lanean. Gaur egun eramaten den arroparekin lan egiten dut, baina batez ere emakumeei begirako materiala dut, eta horien artean adin batetik aurrerakoak datoz batez ere nire dendara.
Nire dendan bezeroekin tratu pertsonala izaten dut. Askorekin denbora daramat lanean, eta ezagutzen ditut: ezkontzerako gauza bereziak eskatzen dizkidate, edo bestelakoetarako ere bai. Hau da, eskaeraren arabera egiten dut lan maiz. Bezero gehienak lezoarrak dira, baina inguruko herrietatik ere badatoz. Hona datozenek badakite euren neurri edo gustuetara egokitzen den arropa eskainiko diedala.
Denda txikien balio erantsia da tratu pertsonala ematen dugula, bakarkakoa. Behar den denbora guztia ematen dut nik bezeroekin. Hori da nire komertzioak aurrera egitearen arrazoia.
«Funtsezkotzat dut etxe ondoan aisiaz gozatu ahal izatea»
Juanjo Oreja. Salones Madison.
1999an hasi ginen jarduerarekin, pentsa, ia 25 urte daramagu lanean! Aisiara zuzendutako lokala da gurea, publiko orokorrari begirakoa. Billarrean jokatzea gustuko duen jendea biltzen da, hau da, konpainia onean aisiaz gozatzeko eremua da Madison. Billar taldea ere badugu, eta txapelketetara ere joaten gara. Nazioartean lagunak ditugu. Ostalaritzarako eremuarekin uztartzen dugu joko aretoa.
Funtsezkotzat dut etxe ondoan aisiaz gozatu ahal izatea. Jende askok esaten dit: «Zortea dugu gune hau hemen dugula». Horri balioa eman behar zaio. Ikusgarria den aisia gunea dugu Lezon, eta bertakoez gain, inguruko herrietatik jende asko dator hona.
Lezokoak elkartea sortzea baikor ikusten dut, garrantzitsuak dira horrelakoak. Tokiko negozioak ezagutarazi eta sustatu behar dira, besteak beste herriei bizitza ematen dietelako.
«Denak elkarrekin egonda indartsuago gara»
Amaia Sanchez. Xarma Ile-apaindegia.
Irailaren 20an hasi nintzen ile-apaindegiarekin, beraz, denbora oso gutxi daramat lanean. Berri-berria naiz. Zerbitzu aldetik, askotarikoak eskaintzen ditut, hau da, ile-apaindegi batek dituen zerbitzuak guztiak ditut. Emakumeekin, gizonekin, haurrekin… orotariko herritarrekin lan egiten dut, eta nahi dutenera moldatzen naiz. Denbora gutxi zabalik izan arren, egia esan, Xarmak oso harrera ona izan du, badirudi Lezon jendea asko animatzen dela herrian bertan kontsumitzera.
Herriko jendea ezaguna izatea abantaila da guretzat. Konfiantza giroa sortzen da, eta bezeroek nahi dutena beldurrik gabe eskatzen dute. Beraz, giro natural horretan eroso izaten dira bezeroak.
Urtarriletik aurrera izango naiz Lezokoak elkarteko bazkide. Horrelakoak beharrezkoak dira. Denak elkarrekin egonda indartsuago gara.
