12 cm erakusketa ikusgai egongo da San Pedron
San Pedroko Udal Aretoa izango da, aurten, formatu txikiko artelanen erakusleihoa. Inaugurazioa ostiral honetan izango da.
12 CM erakusketaren 27. ekitaldiaren aterkipean, formatu txikiko artelanak ikusgai izango dira San Pedroko Udal Aretoan hilaren 16tik 2023ko urtarrilaren 15era bitarte. Asteartetik larunbatera egongo dira ateak zabalik, 18:00etatik 21:00etara, eta igande eta jaiegunetan, 11:00etatik 14:00etara.
Aurtengoan ere 180tik gora artista batu dira iniziatibara. Antolatzaileen arabera, aniztasuna da aurtengo ezaugarririk bereizgarriena, izan ere, arte diziplina eta teknika ugaritako lanak jaso baitira: pintura, eskultura, argazkigintza, serigrafia, bideoa eta teknika mistoak, besteak beste.
Inaugurazioa ostiral honetan (hilak 16) izango da. Aretoa itxita egongo da egunotan: hilaren 24, 25 eta 31n, eta urtarrilaren 1ean eta 6an. Pasaiako egonaldia bukatutakoan, otsailaren 1etik 18ra Hendaian egongo da ikusgai erakusketa, eta beste bi geldialdi egingo ditu apirila bitarte.
