[Elkarrizketa] «Erosketak egiteaz gainera, sortzeko gune bat ere izango da»
Herriko sei sortzailek euren produktuak izango dituzte salgai Pop Up dendan beste urte batez, «herritarrengandik hurbilago» egoteko asmoz. Madalen kalean irekiko dute, astelehenean.
Irekierarako dena prest?
Bai, azken ukituekin gabiltza. Lehenengoz parte hartuko dut denda honetan, eta oso gogotsu nago. Torrekuatik atera eta gure lana kaleratzeko aukera paregabea izango da. Feedback hori jasotzeko gogoz gaude. Herriko jende askok ez daki zer egiten den Torrekuan, eta erakusleiho paregabea izango da.
Zuk jostailuak egiten dituzu, baina ukitu berezi batekin, ezta?
Modu artisau batean egiten ditut jostailuak, didaktikoak dira denak. Bereziki mural sentsorialak egiten ditut, oihalezkoak. Paretan jartzeko muralak dira, eta hauetan haurrek askotariko elementuak zintzilika ditzakete. Pieza guztiak kendu eta jar daitezke. Ukitzeko joko bat da, hemen behintzat orain arte ez da halakorik egin. Gero, liburu sentsorialak ere egiten ditut, eta askotariko jostailuak. Birziklatutako materialekin egiten ditut, kalitatezkoak. Haurrek beste modu batera ikastea da asmoa, jolasten ikastea errazagoa baita, hori bilatu dut. Betiko jostailu dendetan ez dago halakorik, alternatiba bat da. Maitasun eta mimo handiz egindakoak dira.
Ez da soilik erosteko gune bat izango.
Halaxe da. Tailerrak ere eskainiko ditugu, egunero ordu bateko saioak egingo ditugu. Haurrek eta haien gurasoek ere parte har dezakete. Erosketak egiteko dendaz gain, sortzeko gune bat ere izango da. Guk Torrekuan sortutakoa nola egiten dugun irakatsiko dugu, haiek sor dezaten.
Eguberriak hemen dira. Zergatik erosi Pop Up-en?
Komertzio txiki asko desagertzen ari dira. Enpresa handiei eman beharrean, herrian utzi beharko genuke dirua, denon onurarako. Baina egia da azken urteetan jende askok tokiko produktuengatik apustua egin duela, zorionez. Nahiago dute zertxobait gehiago ordaindu eta hemen egindako kalitatezko produktu bat izan, bakarra, berezia.
Torrekua aipatu duzula. Zer eman dizu bertan egoteak?
Apirilean iritsi nintzen hona. Espazioa, materiala, makinaria… Dena eskura dugu, ikaragarria da. Pentsa, tailerra 2×3 metroko gela batean nuen lehen, eta orain askoz espazio gehiago daukat. Toki perfektua da sortzeko, ordainezina