Igandeko bertso finala Oiartzunen errepikatuko da, urtarrilaren 8an
Iruñeko oholtzara igoko diren zortzi bertsolariak Elorsoro kiroldegian arituko dira, Etxerat-ek gonbidatuta. Sarrerak salgai daude.
Etzi izango da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala. Bertan arituko diren zortzi finalistak Oiartzungo ohiko saioan igoko dira berriro oholtzara. Kalitatea, beraz, bermatuta egongo da, eta baten batek finaleko eduki dezakeen arantza ateratzeko aukera izango du.
Etxerat-ek antolatzen du bertso saio hori. “Euskal preso, erbesteratu eta deportatu eta haien gertukoekiko elkartasunezko bertso saioa da Oiartzungoa”, nabarmendu dute. Aurtengoa “indarberrituta” egongo dela ziurtatu dute antolatzaileek.
Zortzi bertsolari arituko dira: Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina. Gai-jartzaile lanetan Amaia Agirre arituko da. Saioa 17:00etan hasiko da, Elorsoro kiroldegiko kantxan.
Sarrerak
Saiorako txartelak dagoeneko salgai daude, 12 euroan. Geldituko balira, 15 euroan salduko lituzteke egunean bertan.
Orain toki hauetan eskura litezke sarrerak:
- Oiartzunen, Elorsoro kiroldegia eta Garmendi txokolategia.
- Oreretan, Arkaitza taberna.
- Donostia, Platero Taberna (Antigua) eta Hontza liburudenda.
Aurten, lehenengo aldiz, txartelak online erosteko aukera egongo da. Horretarako aukera esteka honetan aurki daiteke.