Olentzero bueltan da, Errenteria-Oreretan
Ereintzaren Olentzero elkartearen egoitzatik abiatuko da Gabon egunean. Kantak aurretik entseatzeko aholkua eman dute antolatzaileek.
Bi urte joan dira Olentzeroren bisitarik gabe Errenteria-Oreretan, baina aurten bai, herria hartuko du Gabon egunean. Ohi bezala, Ereintza elkartearen egoitzatik abiatuko du desfilea 18:15ean.
Antolatzaileek gonbidapen irekia egin diete bizilagunei, 17:45a aldera hurbil daitezen elkartera, baserritarrez jantzita. Horren aurretik, jakina, etxeko lanak eginda beharko dituzte: abestiak entseatu ahal izateko doinu eta letrak bildu ditu Ereintzak webgunean. Horrez gain, nahi duenari, kantu-liburuxkak banatuko dizkiete desfilea abiatu aurretik.
Olentzerok herriko kaleetan barrena egingo du bere ibilbidea, Ereintzako txistu eta tronpeta bandak eta Andoitz Antzizar trikitilariak lagundurik. Xabier Vesgaren zuzendaritzapean arituko da abesbatza herrikoia kantuan.
Ohiko geldialdiak egingo ditu taldeak: Biteri, Magdalena, Mikelazulo, Santa Klara, Etxeberriak eta Biteri txiki. Bukaera 20:00ak inguruan izango da, Olentzero Herriko Plazara iritsi eta bertan itxiera emanaldia egingo dute.