Ereintzaren Errenteria Hiria Ipuin Lehiaketak baditu irabazleak
Euskarazko eta gaztelaniazko sari nagusiak Rosario Alza Eneterreagak eta Paloma Ruiz del Portal Muñozek irabazi dituzte.
Irudian, larunbatean sarituak izan zirenetako batzuk. Argazkia: Ereintza. Larunbatean eman zituzten, udaletxeko areto nagusian, Ereintza Elkarteak antolatzen duen Errenteria Hiria Ipuin Lehiaketaren sariak. 1961. urtetik antolatzen du herriko eragileak sariketa. Elkarteko kideez eta irabazleez gain, Itziar Ostolaza alkateordea izan zen ekitaldian.
Euskarazko kategorian, sari nagusia Rosario Alza Enerreteagak irabazi du, Egun sinalatuarena lanagatik. Sari handiaz gain, Errenteria-Oreretako ipuin onenari ematen zaion Joxan Arbelaitz Saria ere harentzat izan zen. Lehen sariagatik 800 euro eskuratu ditu Alzak, eta Joxan Arbelaitzengatik beste 200. 25 urtetik beherakoen sormen lanak ere bazuten saria, Anton Obeso Saria hain zuzen ere: Enara Arregi Otegi Azpilikuetako egileak bereganatu du, 300 euroko ekarpenarekin: Erlojupekoa ipuina aurkeztu du lehiaketara.
Gaztelaniazko ipuinen sailean, berriz, epaimahaiak erabaki du Paloma Ruiz del Portal Muñoz malagarraren ipuinari ematea saririk gorena, Un secreto inverosímil sorkuntzagatik (800 euroko saria irabazi du). 25 urtetik beherakoei bideratutako Anton Obeso saria Maria Perez Ibañez (Madril) sortzaileak egin du bere, El olor a menta lanagatik (300 euro). Herritarren artetik, Eñaut Otazo Alzaren Redención al redentor ipuinari eman diote saria, Joxan Arbelaitz saria hain zuzen ere (200 eurokoa).
Ereintzak jakinarazi du euskarazko sariketarako 26 idazlan aurkeztu direla, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroatik iritsitakoak. Gaztelaniazko kategoriako sariketara, berriz, 630 idazlek eman zituzten ipuinak, mundu osotik iritsitakoak: Kolonbia, Argentina, Peru, Alemania, Italia, AEB, Montenegro…
Epaimahaiko kideak honakoak izan dira: Jose Antonio Perez Agirre, Maite Toca, Miguel Harina, Leyre Otegi, Mirentxu Larrañaga eta Juan Gartzia.
