[Galeria] Aldi baterako altxorrak
Urtarrilaren 5era arte, alde baterako denda egituratu dute Xenpelar Etxean, Torrekuan dauden sortzaileen lanekin.
Xanpelar Etxearen azpialdea denda bat da. Bistakoa da ez dela nolanahikoa. Batetik, eraikina bera ez delako denda bat, eta bestetik, han dauden salgaiak dendetan lortzea zail delako. Habian! egitasmoaren barruan Torrekuan lanean ari diren artisauenak baitira salgaiak, Oarsoaldea Garapen Agentziak kudeatutako espazioan pentsatu, garatu eta egindakoak. Xenpelarrekoa ez ohiko denda izan dadin beste elementu bat gehitu dute: denda efimeroa da, aldi baterakoa; pop up denda, modernoenentzat. Beraz, horiek osagaiak: Habian! egitasmoaren barruko sei artisauren lanak ikus eta eros daitezke Xenpelar Etxean zabalik izango den saltoki komunitarioan. Gaur zabaldu eta aurkeztu dute. Urtarrilaren 5era arte dago irekita (behean ordutegiak eta tailerren egunak).
Sortzaileekin batera, udal ordezkariek egin diote harrera iniziatibari. Horien buru Aizpea Otaegi alkatea eta Eneko Del Amo Garapen Ekonomikorako zinegotzia. Udal buruak hartu du harrera hitza. “Garrantzitsua da horrelako iniziatibak garatzea. Pentsatzen dut Torrekuan dauden sortzaileentzat eta egunotan hemen izango direnentzat ere hala dela. Haien lana erakusteko aukera izango dute”, esan du.
Balioa eman dio Torrekuan Habian!-en barruan sortzaileek egiten dutenari, esanaz han lanerako espazio bat baino askoz gehiago dutela, “ibilbide profesionala garatu ahal izateko beharrezko baliabide guztiak dituzte”. Hortaz, Jautarkol plaza ondoko etxe historikoan sortu eta garatzen dutena ezagutarazteko iniziatiba aproposa da egunotan Madalen kaleko beste etxe historikoan egikarituko dena. “Denek izaten dugu Eguberrietako oparien gaineko kezka. Une aproposa da sortzaile hauek ezagutzeko, eta nola ez, horiek babestu eta haien lana gure etxeetara eramateko eta ingurukoei emateko”.
Sarreraren ondoren, protagonista nagusiek hitz egin dute, sortzaileek. Zer eta nola egiten duten azaldu dute, eta aldi berean, herritarrei esan diete Xenpelarrera joan daitezela sortutako horren berri izan eta erostera. Sei artisauk dute jarrita euren stand-a Madalen kaleko aretoan. Horiek ezagutzeko, joan behealdean dauden esteketara eta klik egin horietan. Haien informazio osoa dago haien webgune eta sare sozialetan. Hala ere, onena zuzen-zuzenean haiekin hartu-emana izatea da, pop up dendan.
- Anne Gago moda diseinua
- APh, bitxien diseinua
- Jaizki Bakaikoa moda diseinua
- Kibo, moda consciente, moda jasangarriaren diseinua
- Marta Sensorial, zentzumen-jostailu didaktikoak
- Sai-Suo, moda diseinua
- Dendaren irekiera egunak eta ordutegiak: abenduaren 19, 20, 22, 23, 24, 26, 27, 28, 29, eta 30ean eta urtarrilaren 2, 3, 4 eta 5ean goizez 10:00etatik 13:00etara, eta arratsaldez 16: 00etatik 19: 00etara. Abenduaren 21ean eta 31n 10:00etatik 13:00etara egongo da zabalik.
- Tailerren datak eta ordutegiak: abenduaren 19, 20, 22, 23, 26, 27, 28, 29 eta 30ean eta urtarrilaren 2, 3, eta 4an, 18:00etatik 19:00etara. 5 eurotako prezioa izango du tailerrek, materialerako. Informazioa eta izen-ematea hemen.