Otaegi: "Parkinga eraikitzea oso berri ona da hiru arrazoirengatik"
Alkateak uste du hiru ondorio "pozgarri" ekarriko dituela aparkalekuak. Oskar Matute diputatua herrira hurbildu da akordioa goraipatzeko.
Joan den hilabete bukaeran iragarri zuen EH Bilduk Espainiako hurrengo urterako aurrekontuetan milioi euro adostu zituela Renfeko tren geltokiaren alboan bi solairuko aparkaleku berria eraikitzeko. Akordioa ospatzeko agerraldia egin zuten larunbat goizean, orube horren alboan, Oskar Matute diputatuak, Aizpea Otaegi alkateak eta Eneko Del Amo zinegotziak.
Lehenak mintzaldia hasi zuen nabarmenduz 2023ko diru partidan Euskal Herrirako 480 miloi euro negoziatu dituela EH Bilduk —horien artean da Errenteria-Oreretakoa—. “EH Bilduk lehentasunezko partida garrantzitsuak lortu ditu udalerri eta herritarrentzat”, adierazi zuen Matutek, eta bide horretan jarraitzeko konpromisoa adieraziz bukatu zuen mintzaldia.
Udalburuak hartu zuen orduan hitza, pozgarritzat joaz Olibeteko parking berria eraikitzeko babesa lortu izana alderdikideek Madrilen. Otaegik sekula baino gertuago ikusten du orain aparkalekua sortzeko unea, hirugarren hariaren obrek luzaroan atzeratu izan dutena: “Une hau iritsiko zela argi genuen eta horregatik txertatu genuen 2019-2023 agintaldirako planean”.
Adifen lurretan aparkatzeko eremua sortu ahal izatea “oso berri ona” dela ziurtatu zuen alkateak, hiru arrazoirengatik: Olibeteko bizilagunek aparkatzeko aukera hobetuko duelako, batetik; autoz bertaratutako bisitariak erdigunean sartu gabe aparkatu eta herri barnean oinez mugitu ahalko direlako, bestetik; eta garraio publikora sarbidea erraztuko duelako, azkenik.
Orain, hitzarmena sinatu beharko dute Adifek eta Errenteriako Udalak, ondoren proiektua idazten hasteko. “Edonola ere”, aurreratu zuen oreretarren eledunak, “udalean eginda dugun aurreproiektuaren arabera, lurrazalean eraikitako bi solairutako aparkaleku bati buruz ari gara hizketan, 200 bat autoentzako lekua izango duena”.