'San Juango emakumeak' egutegiak doan emango dituzte bihar
Sanjuandarren Oroimena taldeak 2023rako sorturiko egutegia doan banatuko du bihar arratsaldean, Ubera liburutegian.
Sanjuandarren Oroimena taldeak barrutiko emakumeen argazki historikoekin egutegia osatu du datorren urterako. San Juango emakumeak izenpean aurkeztu dute lana eta doan banatuko dute bihar.
Ubera liburutegian izango da banaketa, bihar, asteartearekin, 17:00etatik aurrera. Aleak bukatu bitarte emango dizkiete horiek hurbiltzen direnei, eta bertaratzeko gonbidapena egin diete bizilagunei taldekideek: “San Juango emakumeak gara. Urtarriletik abendura aurkituko gaituzu, lanean eta jolasean, etxean eta kalean, emanez eta jasoaz. Argazkiak adi begiratzera gonbidatzen zaitugu, zure ama, ahizpa, arreba, izeba eta amonaren bila”.
Emakume horiek ikusteaz gain, entzun ere ahal izango dituzte hala nahi dutenek, euren testigantzak jaso baitituzte. Horretarako, hilero QR kode bat egongo da dagokion hilabetean, eta hori eskaneatuz emakume sajuandar baten bizipenak entzun ahalko dira. Proiektuaren gaineko informazio guztia Sanjuandarren Oroimenaren webgunean dago.