E08 autobus linearen murrizketak gaitzetsi ditu Ezker Anitzak
Lehen 50 minutuero irteten ziren autobusak orduero abiatuko dira San Pedrotik. Bihar indarrean sartuko den neurria gaitzetsi du koalizioak.
Joan den aste bukaeran iragarri zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuak Ekialdebuseko zenbait lineatan aldaketak izango zirela bihartik aurrera. Horietako batzuk zerbitzu publikoaren murrizketak dira; besteak beste, E08 lineako (Pasai San Pedro-Trintxerpe goia-Donostia) autobusak orduero aterako dira orain, eta ez 50 minutuero.
Aldaketa horren gaineko balorazio ezkorra egin du Pasaiako Ezker Anitza-IU taldeak, iritzita halako erabakiek, garraio publikoa hobetzetik urrun, “inoiz baino beharrezkoa den une honetan” erabiltzaileak kaltetu besterik ez dituztela egiten. Horregatik, proiektuari alegazio bat aurkeztu zion ezkerreko alderdiak hori jendaurrean ikusgai egon zen epean.
Arrazoibideak jasotzen dituen dokumentuan Ezker Anitzak eskatu zuen aipatu linearen maiztasuna ordu erdira alda zedin, baina aldundiak eskakizuna kontuan hartu ez izana gaitzetsi du Pasaiako taldeak —linea ordueroko maiztasunera aldatzeko erabakiak erakusten duenez—.
Ordutegi berria
Bihar sartuko da indarrean ordutegi berria. Gaur arte, 07:00tan irteten zen lehen autobusa Esnabide 6 (San Pedro) geltokitik, eta ordu horretatik aurrera 50 minutuero. Bihartik aurrera, ordea, lehen bi irteera horiek bere horretan mantenduko dira, baina 07:50etatik aurrera puntuan soilik irtengo dira autobus horiek, 09:00etatik aurrera. Lehen 08:40ean irteten zen autobusa, beraz, 09:00etan irtengo da orain; 10:00etan hurrengoa, 11:00etan, 12:00etan…
Egoera horrekin, “zailtasun handienak” izango dituztenak lanera 08:00etan eta 09:00etan sartzen diren pasaitarrak izango direla uste dute alderdikoek “07:00etako eta 7:50etako autobusak hartu beharko lituzketelako, hurrenez hurren, hurrengo autobusa 09:00etan baitute”.
Autobusa hartzeko unea ordubete aurreratu behar izatekotan, familia kontziliazioan zuzeneko kaltea izango duela uste dute, “eta, logikoa denez, denbora galtzeak linea hori erabiltzeko asmoa kentzen die erabiltzaileei”. Are: “Batzuek bi autobus hartu behar izango dituzte lehen batean egiten zuten ibilbide bera egiteko. Gainera, murrizketa larunbat, igande eta jaiegunetan ere aplikatzen da, egun horietan lanera ere joaten diren denda eta establezimenduetan lan egiten duten biztanleak alde batera utzita”.
Ordutegi berria Ekialdebusen webgunean kontsulta daiteke.
Kaltetuak: emakumeak, langileak eta ingurumena
Ezker Anitza-IUren arabera, murrizketa horren kaltetuenak, nagusiki, emakumeak eta langileak dira. Batetik, garraio publikoaren erabiltzaile gehienak emakumeak direlako. Eta bestalde, goizeko lehen zerbitzuen erabiltzaileak Donostiara lanera joateko autobusa hartzen duten pertsonak baitira.
“Aurreko guztiari gehitu behar zaio E08 linean izandako aldaketek mugikortasun ohiturei eragiten dietela; izan ere, garraio publikoaren kalitatea okertuz gero, ez zaio alternatiba eraginkorrik ematen ibilgailu pribatua erabiltzeari, hirietan gas kutsatzaileen igorle nagusia izanda” gaitzetsi dute koaliziotik. Neurria, zentzu horretan “arduragabetzat” jo dute.