Katamaran baterako 49.000 euro eman dizkio aldundiak Albaolari
Diru laguntza elektrizitate eta eguzki energia bidez ibiliko den katamarana eraikitzeko proiektua idazteko emango diote faktoriari.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako Departamentuak katamaran baterako finantziazioa emango dio Albaolari. Diputatuen Kontseiluak erabaki du 49.000 euroko diru laguntza ematea faktoriari elektrizitate eta eguzki energia bidez ibiliko den katamaran bat eraikitzeko aurreproiektua eta proiektua idazteko.
Egun, museo-faktoriak sarbide bakarra du, oinezkoa —eta motora kontratatu ohi du erakundeak beharrezko denean—. Ontzi berria Hospitalilloko kaitik abiatzea litzateke asmoa, aurreikusitako barkuak 35 lagunentzako gaitasuna izango duelarik.
Elektrizitate eta eguzki energia bidez ibiliko den motor batek mugituko du, urarekin gutxieneko marruskadura duen krosko batekin, eta horrela energetikoki eraginkorragoa izango da. Horrez gain, bidaiarientzat erosoagoa ere izango dela adierazi dute, “egonkorragoa” delako.
Pasaiako alkate Izaskun Gomezek esan du garrantzitsua dela horrelako iniziatibak bultzatzea, sustatzen dutelako Pasaiaren “biziberritzea, aberastasuna eta enplegua sortzen dituzten eta kanpoan Pasaiaren irudi positiboa proiektatzen duten jarduerak”.