Lezoko Emakume Korrikalari Taldea, Errenteria-Oreretako San Silbestrera
Hilaren 31eko lasterketan parte hartzea gonbidatu dituzte taldekideek emakume guztiak. Elastiko berezia oparituko diete partaideei.
Lezoko Emakume Korrikalari Taldeak iragarri du Errenteria-Oreretako San Silbestre lasterketan izanen dela hilaren 31n. Beraz, urtea gustuko dutena egiten eta taldean bukatuko dute taldekideek. Haiekin batera jardun nahi duten den-denei deia egin diete, taldekideekin elkar daitezen. Pizgarria badute: elastiko berezia emango diete animatzen diren guztiei.
17:00etan hasiko da Errenteriako San Silbestrea. Beraz, emakume guztiak elkarrekin joateko, 16:15ean geldituko dira Gurutze Santuaren plazan. Hango tartea eta Errenteriarako bidea beroketa ariketak egiteko baliatuko dute.
Ibilbide lau eta erakargarria da Oarsoaldeko herririk handieneko Eguberri kutsuko lasterketarena. Gainera, ikusle asko izaten dira errepide eta bide ertzetan animatzen. Hala, ibilbideari dagokionez, bi daude aukeran: 3,5 kilometrokoa (herriari bira bat) eta 7koa (bi bira).
Taldearekin lasterketan izateko, norberak aldez aurretik izena eman behar du. Horretarako Errenteria Atletismo Taldeak (antolatzaileak dira) online izen ematea aktibatua du duela aste batzuetatik. Klik egin hemen izena emateko.