Termikaren azpiegitura elektrikoa desmuntatzen hasi dira
Argindarra sortzeko lantegiak jarduera 2012an eten bazuen ere, erabiltzen zituen hainbat azpiegitura bere horretan mantendu dira.
Lezoko Udalak adierazi du 2012an funtzionatzeari utzi zion termikako azpiegitura elektrikoa desmuntatzeko lanak hasi direla. Argindarra sortzeko lantegia duela hamar urte desagertu bazen ere, erabiltzen zuen azpiegitura ez da kendu gaurdaino: dorreak, eta horietatik doazen goi tentsioko kableak dira desmuntatzen ari direnak. Jaizkibelgo hegoaldeko magalean nahiz Herriondoko haranean daude horiek: osotara, zortzi dira kenduko diren dorreak, eta 2,5 kilometroko kable linea ere ezabatuko dute. Hau da, zentral zaharretik, Miura baserrira arteko eremuan eragina izango dute lanek.
Udalak adierazi du 2014an eskatu ziola Red Electrica Españolari horiek desmunta zitzala. Erakunde horrek orduko hartan udalari esan zion bederatzi urtez izan zitekeela erabiltzeko moduan azpiegitura hori guztia, beharrik balego, badaezpada. 2021ean adierazi zuen Iberdrolak linea desmuntatzeko nahia; Red Electica Españolarekin partekatzen zuten azpiegitura horren jabegoa eta kudeaketa.
Osotara, 116.193 euroko diru zatia erabiliko dute zortzi dorreak eta bi kilometro eta erdiko luzerako kable sorta kentzeko. Azaroan hasi ziren zeregin horretan, zehazki, Miura eta Bordaberri baseri ondoko egiturak eraisten. 2023aren hasieran jarraituko dute lanekin, Lopene baseri ondoko dorrea kenduko dutelako Gainerako bost dorreak Jaizkibelen hegoaldeko magalean daude, Kostaburu aldean, Eguzkitza baserriaren alboan, eta Olatzarren. “Kontu handiz egiten ari dira desmuntatze lanak, inguruko landaretza eta sarbideak zaindu asmoz. Ibilgailuen zirkulazioan ez da arazorik izango”, zehaztu du udalak.