EH Bilduren mahai politikoak Teo Alberro proposatuko du alkategai

Urtarril erdialdean barne prozesu bat abiatuko du koalizioak, eta ordutik aurrera beste hautagaitzarik aurkeztu ahalko dute afiliatuek.

Teo Alberro Bilbao.
Pasaiako EH Bilduren mahai politikoak Teo Alberro Bilbao (1964, Trintxerpe) proposatuko du 2023ko maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako EH Bilduren alkategai izateko.
 
Urtarrilaren erdialdean barne prozesu bat abiatuko da Pasaiako EH Bildun, eta ordutik aurrera zabalduko da epea afiliatuek bestelako hautagaitzak, izatekotan, aurkez ditzaten Pasaiako EH Bilduren alkategai izateko.
 
Filosofian lizentziaduna da Alberro, eta bere lan esperientzia sektore finantziarioarekin lotuta egon da urte askotan. Bilkideen arabera, herrigintzan eta horren hobekuntzan “modu aktiboan” parte hartu izandakoa da trintxerpetarra, “eta gaur egun horrela jarraitzen du”.
 
Besteren artean, Boveda aisialdi taldean, Tirri Tarra fanfarrean eta beste zenbait elkartetan dabil murgilduta. Hezkuntza alorrean ere ibilitakoa da, Herri Ametsa ikastolako lehendakari eta ekonomia batzordeko partaide gisa.
 
Koalizioaren mahai politikoak egindako proposamenari baiezkoa eman dio, eta hala mintzatu da: “EH Bilduren oinarriak hala erabakitzen badu, nire onena emango dut Pasaiari eta pasaitarrei merezi duten etorkizun duin eta oparoa eskuratzen laguntzeko”.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.