Familia Laguna programaren lehen topaketa egin dute
Herriko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleen gurasoek ikasturteko lehen topaketa egin zuten astelehenean. Ikastetxeetara eta herrira iritsi berri diren familiei "harrera egoki bat egitea" du helburu egitasmoak.
Astelehenean (hilak 19) Familia Laguna programaren ikasturte honetako lehen topaketa egin zuten Merkatuzarren. Bertan izan ziren udaleko ordezkariak, ikastetxeetako zuzendaritzako kideak eta ikasturte honetan programan parte hartuko duten familiak. Parte hartze handiko saioa izan zen.
Programa herriko Haur eta Lehen Hezkuntzako sei ikastetxeetara zabaltzearen aldeko apustua egin nahi izan du aurten udalak, “errealitate bakoitzera eta eskola komunitate bakoitzaren ezaugarri eta testuinguruen sintoniara egokitu nahian”.
Ikastetxeetara eta herrira iritsi berri diren familiei “harrera egoki bat egitea” du helburu egitasmoak, “ikastetxeetako eta udalerriko familien arteko kulturarteko harremanak sustatzeko eta horiek guztiak euskarara batzeko”. Finean, “herri kohesionatu bat lortzeko” komunitatea eraiki nahi du udalak.