[Erreportajea] Elkartasuna pakete, lata eta botiletan ere eman daiteke
Piztu Lezok abian du Zaporeak-en aldeko elikagai bilketa. Bihar jasoko dituzte bildutakoak, kalejiran. Astelehenean, errefuxiatuen kanpalekuranzko bidea hartuko du lezoarren elkartasun supermerkatuak.

Pasta (makarroiak gehienbat), arroza (ahal dela luzea), dilistak, babarrunak, garbantzuak, sardinak eta atuna latan, oliba olioa, eta espezieak. Elikagai horien zerrenda duten kartelak daude jarrita janaria saltzen duten Lezoko lau gunetan. Horien gainean bi logotipo, Piztu Lezorena eta Zaporeak egitasmoarena.
Horren arrazoia: Piztu Lezo elikagaiak biltzen ari da Zaporeak proiektuak Greziako Lesbos irlako Moria 2.0 kanpamentuan otorduak ematen jarrai dezan. Ez da berria egitasmoa. Errefuxiatuen krisia berria ez den bezala. Txikitik eragitea da Piztu Lezoren asmoa, sinetsita herritik ere munduan diren krisi humanitario handienetakoa denari ekarpena egin dakiokela. Ez dute errefuxiatuen gaia soluzionatuko, baina behintzat dena utzi eta bizitza duin eta hobe baten bila datozen horiek zer jan izango dute Europako ateak aurrez aurre itxita dituzten gune anker hartan.
Arruti eta Zubitxo janari dendetan, eta Eroski nahiz Dia supermerkatuetan jarri ditu Piztu Lezok kartel horiek. Horien ondoan, kutxa hutsak. Azalpen gutxi behar du orrialdeen eta kaxen espazio horren existentziak: lezoarrek horietan zerrenda horretako elikagaiak uzteko deia egin dute herriko eragileko partaideek. Beldurrik gabe utz ditzatela pakete, lata eta botilak, saltoki horietako langileek goraino betetzen diren gordailuen partez huts gehiago jarriko dituztelako, biltegiek gainezka egin arte. Plazako Arrutikoak hala egiten ari dira: «Hemen dauden kaxak ez daude beteak. Baina almazenean jada bost bete-bete ditugu. Herritarrak erantzuten ari dira beste behin».
Lezoarren elkartasunak mugarik ez duela ez dute Arrutikoek soilik esaten. Piztu Lezokoek aurreko urteetako esperientzia baliatu dute esaldi biribil hori egia dela berresteko. «Herritarrek oso ondo erantzuten dute. Ohitura bihurtu da lezoarrentzat, data hauetan, elikagaiak ematearena. Jendeak oso ondo erantzuten du aportazioa egitea ez delako batere kostatzen», baietsi dute gazte lezoarrek. Hala, bihar (larunbata) kalejira musikatua egingo dute elikagaiak biltzen jarraitu, eta jada lau establezimenduetan jaso direnak batzeko. 11:00etan hasiko dira Karlos Saldisetik. «Diru ekarpena ere egin daiteke. Diru horrekin guk geuk erosiko ditugu elikagaiak. Larunbateko [biharko] kalejirara herritar guztiak animatu nahi ditugu», dei egin dute Piztu Lezokoek.
Hilaren 26an emango dizkiete Zaporeak-ekoei bildutakoak. Furgoneta gutxienez, kamioia beharbada, beharko dute den-dena garraiatzeko. Desioa baino, errealitate izan dadila ibilgailu handien beharra.
2.000 otordu
2014tik daramate Lezoko gazteek elikagaien bilketa egiten, 2019tik Piztu Lezoren izenean «gure hondar alea jartzen». Lehen urteetan hainbat erakunderi eman zizkieten jasotakoak, eta 2019tik Zaporeak da onuradun.
Elkartasun elkarte horrek egunero-egunero 2.000 otordu ematen ditu Morian; milaka gutxi batzuentzat prestatutako kanpamenduan (pertsonen oinarrizko beharrak amets dira han), hamarnaka mila dira bizi, edo bizirauten dutenak. Zaporeak-i esker, duinagoa da haien biziraute hori. Badute egunean behin behintzat bero jateko aukera. Janaria kozinatzeko, ordea, elikagaiak behar. Elkartasuna ere egosten baita.