Bi ikastaro berri dakartza hil honetan Pasaiako Jabetze Eskolak
Hilaren 15era bitarte egongo da zabalik izena emateko epea. Berritasunen artean, 'Jan sano eta pozik bizi', eta emakume palisten taldea.
Jatorri askotariko emakumeen taldea da urte osoko eskaintzetako bat. Pasaiako Udaleko Berdintasun sailak Jabetze Eskolako neguko eta udaberriko ikastaroen berri eman du. Horietan izena emateko epea gaur zabaldu dute, eta hilaren 15era bitarte egongo da aukera.
Azken lauhilekoan 200 emakume inguruk hartu zuten parte. Hori horrela, eta udalak eskola arrakastatsu iritzita, irailean hasitako bideari bi ikastaro berri gehituko dizkiote hil honetatik apirilera bitarte, eta berri bati jarraipena eman: Jan sano eta pozik bizi; Emakume palistak; eta Autoestimua eta konfiantza.
Tailer horiez gain, emakume korrikalarien taldean izena emateko aukera ere zabalduko da, eta urte osoko taldeak ere zabalik egonen dira: Jatorri askotariko emakumeen taldea, Indarkeriarik gabeko espazioa: autolaguntza taldea, eta Ongi zaintzen eta maitatzen ikasteko taldea.
Eskaintza guztia doakoa da eta izen-ematea derrigorrezkoa izango da. Horretarako, udalaren atari birtuala balia daiteke edota aurrez aurre bete datuak edozein HAZ bulegotan.
