Arrakastaz itxi du PSE-EEk Irribarre Bat Oparitu kanpaina
Jostailu eta opari berrien bilketa egin dute Errenteriako sozialistek, eta espero baino emaitza hobea lortu dute.
Irribarre Bat Oparitu izeneko kanpaina solidarioa amaitutzat eman du herriko sozialista taldeak. Azken egunetan zehar, Gazte Sozialistekin batera, PSE-EE errege egunerako jostailuak eta opariak jasotzen aritu da. Jasotako guztia Errenteriako Gurutze Gorriari eman diote eta esperotakoak baino gehiago jaso dituztela aitortu dute: “Egoera ekonomikoa dela eta, ez genuen uste hainbeste opari lortuko genituela, gainera, kalitatezkoak dira”.
Errenteriako PSE-EEko idazkari nagusiak, Jose Angel Rodriguezek eskerrak eman dizkie parte hartzaile guztiei, baita Oiartzungo Alcampori ere haiekin lan egiteagatik. Bestalde, Iñaki Ruiz, gazte sozialisten idazkariak gehitu du une txar bat igarotzen ari direnei irribarre bat sortzea lortuko dutela, eta haiek horrekin oso pozik daudela.