Eguzkik uhin elektromagnetikoak neurtu ditu gune zaurgarrietan
Errenteria-Oreretako erdiguneko gune zaurgarrietan neurketak egin ondoren, emaitzak kezkagarriak direla azaldu du talde ekologistak.
Eguzki talde ekologistak, Errenteria-Orereta erdiguneko hainbat eremutan uhin elektromagnetikoen neurketak egin ditu eta neurrien emaitzak kezkagarriak direla adierazi du. Bizilagunen laguntzarekin, eskolak eta adinekoen egoitza dauden inguruetan aritu dira lanean, kolektibo zaurgarriak baitira. Emaitzen arabera, horietako toki batzuetan gomendatutako neurriak gainditzen dituzte, eta horrekiko kezka adierazi du talde ekologistak.
Egoeraren berri emateaz gain, Eguzkik erakusketa bat antolatu du eta bertan, norberak hartu ditzakeen neurri xinpleak ageri dira, baita Udalarekin egin zuten akordioa ere.
Bestalde, Eguzkik kanpaina egin den eremuetatik haratago joateko asmoa du, herriko beste auzoetara zabaldu nahi du. Azaldu dute, gai honek osasunean sortzen dituen arazoak asko direla, horien artean insomnioa, neke kronikoa eta zefaleak sortu ditzakeela, eta “kutsadura isil” horri aurre egin behar zaiola.