Herriondon ehiza debekatzea eskatu du Elkarrekin Gipuzkoak
Taldeak Herriondon 81 ehiza postu daudela azaldu du, eta han izaten diren oinezkoen segurtasuna zalantzan dagoela.
Elkarrekin Gipuzkoak ebazpen proposamena aurkeztu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Lezoko Herriondo-Gaintxurizketa eremuan ehiza jarduerak debeka daitezen eskatuz. Proposamenaren testuan zehaztu dute aldundiak Euskadiko Ehiza Legea aplikatu behar dela eremu horretan, eta ehiza debekatuko segurtasun eremu izendatu. “Lege horrek segurtasun eremuak arautzen ditu, eta zehazten du gisa horretako eremu direla pertsonen eta haien ondasunen babesa bermatzeko neurri bereziak hartu behar diren eremu guztiak”. Eremu horretan 81 ehiza postu daude guztira.
Herriondo eremua Lezoko udalerrian izanik, herriko nahiz Errenteria-Oreretako biztanleek aisiarako eta ibilaldiak egiteko erabiltzen duten eremua dela azaldu du Elkarrekin Podemos-IUren barruko lantaldeak. Inguruan hainbat eraikin eta jatetxe daudela zehaztu dute. “Espazio hau, bere ezaugarri apartak direla eta, biztanle askoren aisiarako gune bihurtu da. Gainera, erabilera publikoko pista eta bideek oinezkoei eta txirrindulariei aukera ematen diete Lezoko eta Oiartzungo industrialdeekin bat egiteko”.
Hala, Eguzki taldearen kezkaren berri izan, eta haien kezka Batzar nagusietara eraman dute: “Ehiza postuek ezarritako gutxieneko distantziei buruzko araudia urratzeaz gain, oinezkoen segurtasuna arriskuan dago”.