Pasaia "zahartze prozesu azkar batean" murgilduta dago
Antxo da 2022an gehien hazi den barrutia, eta ondotik Trintxerpe; sanpedrotar eta sanjuandar gutxiago daude. Denak, geroz eta adinduagoak.
2022ko abenduaren 31n biztanleen udal errolda datuak kaleratu zituen Pasaiako Udalak. Horien arabera, Pasaiak 138 bizilagun gehiago ditu (16.536 guztira), Antxo izan delarik gehien hazi den barrutia (116 gehiago), eta ondotik Trintxerpe (93 gehiago). Beste bi barrutien biztanleriak behera egin du: 38 sanpedrotar eta 33 sanjuandar gutxiago daude.
Barrutien hurrenkerak, bizilagunei dagokienez, bere horretan jarraitzen du. Trintxerpe da barruti populatuena, atzetik Antxo, gero San Pedro, eta azkenik Donibane.
Horra hor 2022 urte bukaerako datuak, barrutiz barruti, 2021ekoekin alderatuta.
- Trintxerpe. 93 trintxerpetar gehiago. 5.915etik (2021) 6.008ra (2022).
- Antxo. 116 antxotar gehiago. 5.229tik (2021) 5.345ra (2022).
- San Pedro. 38 sanpedrotar gutxiago. 3.027tik (2021), 2.989ra (2022).
- Donibane. 33 sanjuandar gutxiago. 2.227tik (2021) 2.194ra (2022).
Zahartzea
Pasaiako adin piramide orokorrari so eginda ondoriozta liteke zahartutako gizartea dela bertakoa, eta udaleko adituen arabera, etorkizunean gehiago zahartzera joko du: “Pasaia zahartze prozesu azkar batean murgilduta dago”. Izan ere, azken hamarkadan batezbestekoa urte bat baino gehiago handitu da.
Joera hau nabarmenen den barrutia, alegia, adinduena dena, San Pedro da. Jarraian dator barruti arrosa, eta gero Trintxerpe. Beraz, Antxo da barruti gazteena, nahiz eta bertan ere, batezbesteko adina “nahiko altua” den.