Altzateko proiektuaren aldaketa, onartuta
Eremuaren antolamendu berria eta urbanizazioa zehaztuko duen programa onartu berri dituzte Tokiko Gobernu Batzarrean. Behin betiko onarpen honi esker, udalaren esku geratuko dira zenbait lurzati.
Errenteriako Udalak argi berdea eman dio Altzate eremuaren birpartzelazio proiektuari. Azken hiletan “urrats garrantzitsuak” eman dituztela diote udaleko iturriek, eremuaren antolamendu berria eta eremuaren urbanizazioa zehaztuko duen programa onartu baitituzte.
Behin betiko onarpen honi esker, udalaren esku geratuko dira zenbait lurzati, eta ondorengo erabilera izango dutela aurreratu dute:
- Babes ofizialeko 30 etxebizitza eraikiko dituzte.
- Aparkaleku publikoa egingo dute.
- Komunitate ekipamenduak egingo dituzte.
- Espazio libreak eta berdeguneak eraikiko dituzte.
- Bide-sistema bat sortuko dute.
Orain arte titulartasun pribatukoa zen eremuaren guztizkotik azaleraren %62 udalarena izango da. Zati horretatik hektarea bat (gutxi gorabehera) espazio libreetarako eta berdeguneetarako erabiliko dute. Horiek udalari dagokion azaleraren %38a hartuko dute.