Ana Benitok bere azken liburua aurkeztuko du Gaztañon
'Iturritxiki: La historia sumergida en la bahía de Getaria' liburua aurkeztuko du errenteriarrak datorren hilaren 13an, arratsaldez.
Gaztañoko auzo lokalak datorren hilaren 13an (ostirala da) hartuko du martxa berriro, urteko lehen solasaldia egingo dute. Oraingo honetan, Ana Benito arkeologoak Iturritxiki: La historia sumergida en la bahía de Getaria liburua aurkeztuko du auzoan. 19:00etan jarri dute hitzordua.
Gaztañon jaiotakoa da Benito. Orain arte egindako liburuekin bezalaxe, azken hau ere auzotarrekin partekatuko du, solasaldi formatuan. Aranzadi zientzia elkartean egiten du lan errenteriarrak, hainbat ikerketa lan egin ditu, guztiak itsasoarekin lotuta.
Auzo lokalekoek jakinarazi dute aurten ere ohiko dinamika jarraituko dutela, hau da, hilean behin horrelako hitzaldi eta solasaldi bat egingo dutela. Bestalde, gogorarazi dute ikastaro guztiak ere bueltan direla datorren astetik aurrera. Hala, astelehenetan tai chi klaseak emango dituzte; asteartetan dantza afrikarrekoak; asteazkenetan trikitia eta panderokoak; eta ostegunetan, euskal dantzakoak. Honi lotuta, antzerki tailer bat ere sortzeko bidean direla diote auzo elkartekoek.