Euskararen erabileraren azken neurketaren emaitzak, "sendoak"
Udalaren arabera, "2011ko datu beretsuetan" mantendu da erabilera. Hamar errenteriarretik batek egiten du euskaraz kalean.
Hirugarrenez euskararen kale erabileraren neurketa egin du Soziolinguistika klusterrak Errenteria-Oreretan. Herriko hainbat gune esanguratsutan egin dute neurketa, bertatik pasatzen diren pertsona guztiak zein hizkuntzatan aritzen diren jaso dute hainbat neurtzailek. Orotara, 5.024 elkarrizketa jaso dituzte eta 13.243 solaskide aztertu dira. “Datuak sendoak dira”, esan dute udaleko iturriek.
Datuei erreparatuta, euskararen erabilera herrian %10,9koa da, gaztelaniazkoa %86,4koa, frantsesarena %01 eta gainerako hizkuntzena %2,7koa. Hau da, esan daiteke hamar errenteriarretik batek euskaraz egiten duela kalean.
Udalaren arabera, “2011ko datu beretsuetan mantentzen da erabilera”, 2016an gorakada bat eman bazen ere.
Ezagutzak gora egin duela ere esan dute udaleko iturriek. Egun, herritarren %42k badaki euskaraz, baina halere, oraindik ere herritar gehienentzat bigarren hizkuntza da euskara.
Haurrak dira euskara gehien erabiltzen dutenak (%21,4), eta horien ondoren gazteak (%14,2). Eta haurrak eta gurasoak batera aritzen diren guneetan eman dira datu onenak (%24,7). Eta sexuari dagokionez, ondorioztatu dute emakumeek apur bat gehiago egiten dutela euskara gizonezkoen aldean.