Landetxe, herria artikulatzeko eraikina
Martxo hasieran irekiko dute Landetxe eraikina. Hainbat esparrutako zerbitzuen aterpe izango den eraikinari ukitu batzuk falta zaizkion arren, ari da forma hartzen.
Pixkanaka, gelditu gabe, aurrera doa Landetxe eraikina. Orain dela hiru urte hasi ziren herrian mugarri izan nahi duen eraikinaren oinarri fisikoak jartzen. Pandemia bat tarteko, eta horrelako obrek izan ohi duten atzerapena kontuan hartuta, aurreikusitakoa baino pixka bat beranduxeago irekiko dute aretoa: martxo hasieran.
Euskalgintza, kulturgintza eta adinduentzako espazio bana barnebilduko dituen eraikinaren koraza urrekara ikus daiteke kanpotik. HITZAk, baina, barrunbeetatik ibilaldia egin du, obrak nola dauden ikusteko. Ekipamenduak jartzea falta da, argindarra jartzea eta azken ukitu batzuk ematea. Eta, ondoren, erratza pasatzea.
Hiru solairu ditu Landetxe eraikinak. Hori izango da bere behin-betiko izena, nahiz eta proiektuaren hastapenetan Mendiburu 14rekin ezagutzen zen. Kale horretatik sartu gara, lehen solairura. Lehen zegoen etxetxo zaharra bezala, 60 urtetik gorakoei zuzenduta egongo da maila hori. Kanpoaldean bolatokia mantendu dute, eta ingurua belar pixka batekin txukunduko dute, sarreran asfaltoa jartzeaz gain.
Atetik sartu eta ezkerrera, ile-apaindegia, masaje gela eta podologoarentzako eremua egongo dira, jubilatuen etxeetan ia derrigorrezkoak diren zerbitzuak. Aurrerago, ezkerrean jarraituz, egongela handia egongo da, espazio partekatua. Bertatik iritsiko da Gazte Izanak jubilatu elkartearen bulegora eta adinduekin lan egiten duten eragileek —Helta, Killirikupe…— partekatuko duten tailer-gelara.
Lehenengo solairu horren eskuinalde osoa tabernarentzako izango da. Udalak oraindik ez du ostalaritza espazioa kudeatzeko lehiaketa atera, baina barra luze bat izango du. Sukaldearen tamainak eta ekipamenduak, berriz, edozein sukaldari asebeteko du. Eguraldi onarekin espaziorik erabiliena izateko itxura duenak lehen solairuaren erdia besarkatzen du, L forman: terraza. Espazio luzea eta zabala izango da, mahai eta aulkiak erraz sartzeko modukoa. Sarrera zuzena izango du tabernatik, baina baita ere lehen solairuko korridoretik eta kaletik.
Bigarren solairura igo, eta euskalgintza jasoko duen eremua ikus daiteke. Intxixu-AEK euskaltegiak eskuineko eremu osoa hartuko du: hiru ikasgela izango ditu, irakasle gela bat eta autoikasketarako beste bat.
Beste aldean, berriz, herriko euskalgintzaren gainontzeko eragileek hartuko dute aterpe, modu horretan denak espazio berean batuz. Hizkuntza Normalizaziorako Sailak bulegoa izango du bertan, baita Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak eta UEMAk ere. Oiartzun Irratiaren estudioa Arraskuelarre kaletik gora joango da. Azken hori izan ezik, gainontzeko eragileak Fermiñene eraikinean egon dira orain arte.
Eraikinaren gailurretik azpiko solairura salto eginda, kultur aretoan sartzeko sarreretako bat ikus daiteke posta bulegoaren ondoan. Eremu txiki bat asfaltatzeke dago, eta bertara iristeko aldapatxoan oraindik irisgarritasuna bermatzeko lanak egin behar dituzte. Bukatzerakoan, aire zabalean kontzertu edo antzezlan txikiak egiteko eremu bat bilakatzeko aukera sor daiteke. Sarrera hori ikuskizunak eserita ikusteko izango direnean erabiliko da. Beste sarrera, berriz, Yon Oñatibia kaletik izango da, Mendiburu kalera igotzeko aldapa eta eskaileren ondoan. Bi kasuetan, sartu eta berehala, arropategia dago.
Kultur aretora oraindik ez da argindarrik iritsi, eta xehetasunak apenas ikusten dira. Beharraren arabera mekanikoki ezkuta eta agertu daitezkeen harmailak jartzea falta da, baina paretako markek iradokitzen dute zein posizio izango duten besaulki lerroek.
Oholtzak, berriz, ez du zerikusirik gaur egun erabiltzen den udaletxeko areto nagusikoarekin. Edukiera txukuna izango du: 240 pertsonarentzako eserlekuekin, eta 400 lagunekoa zutik. Kultur aretoak izango ditu bere kamerinoak, entsegu gela, eta kontrol gela, besteak beste.
Landetxe eraikina altxatzearekin batera, izena ematen dion plaza ere eraberrituko dute. Zuhaitzak landatuko dituzte, eraikinetik hurbil, eta lehen zegoen estalkia kenduko dute, beste hainbat txukuntze-lan egiteaz gain. Gaztetxea zenaren lokala mantenduko da. Mantenduko ez dena Landetxe eraikinaren urre kolorea izango da, denborarekin bilatutako herdoil itxura hartzen joango baita.
Bi prozesu paralelo
Eneritz Arbelaitz alkateordeak azaldu duenez, eraikinak hainbat zerbitzu hartzeak, berrantolaketa egitea ahalbidetuko dio udalari. Modu horretan, Gizarte Zerbitzuen bulegoak Fermiñenera eramango dituzte. «Agian zatirik ospetsuena kultur aretoa da, baina ez da horretara mugatzen. Gizarte zerbitzuak indartzearekin batera, herritarren ongizatean inbertituko dugu», esan du Arbelaitzek.
Horrez gain, atzera egin du nabarmentzeko eragileek eta udalak elkarrekin egin dutela bidea. Udala 2016an hasi zitzaion eragileei Landetxeren kokapenaren berri ematen, bertan egungoaren antzeko eraikin bat egitea bideragarria zela. «Bilera horietan ikusi genuen interes bat bazegoela, eta aurrera egiteko konpromisoa hartu zen. Parte hartze prozesu bat martxan jarri zen, beharrak identifikatu eta horiek oinarri hartuta proiektua osatzeko», gaineratu du alkateordeak.
Adierazi duenez, mota horretako prozesuak «aldrebes» izan ohi dira, eragileek ez dutelako planoen osaeran parte hartzen. «Kasu honetan, arkitektoek oso mugatuta izan zuten lana, nolabait, eragileek eskatu baitzituzten hainbat gauza, eta horiek sartu behar ziren hainbat metro koadrotan».
Obrak hastean, beste bi prozesu «garrantzitsu» hasi zituen udalak. Alde batetik, kultur eragileak artikulatzekoa, oraindik bukatu gabe dagoena. «Azpiegitura bat gehiago izango du kultur mugimenduak, eta horrekin batera hainbat gauza etorriko dira: kultur agenda bateratua, nolako kultura nahi dugun denon artean hausnartu…», azaldu du.
Bestetik, 60tik gorako herritarrekin beste prozesu bat abiarazi zuten, beharrak identifikatzeko. «Ikusi nahi genuen ea zein eragile gauden adinekoekin lanean ari garenak. Gazte Izanak dago, baita baita ere Helta, Killirikupe, Bidez Bide eta Bidelagun udalaren zerbitzuak. Denak koordinatu behar zirela uste genuen, eta 60 urtetik gorako jendeak eraikin berrian toki bat izan behar zuela zahartzaro aktiboa bultzatzeko». Horrez gain, bakardade ez-hautatuan fokua jarri nahi izan dute, eta egoera horretan dauden pertsonentzako espazio bat egokitu.
«Bi prozesuak oso indartsuak izan dira, eta izaten ari dira, baina bada aurrera begirako zerbait. Obra hasi eta bukatu egiten da, baina prozesu hauek guztiak dira Oiartzun herri hobea egiteko. Herritarron arteko elkarlana eta artikulazioa bultzatuko duen obra bat izango da, zementuaz harago doana», zehaztu du Arbelaitzek.
Herritarren artean «ilusioa» nabaritzen dutela ziurtatu du, eta adibideak eman ditu: «Adinekoen prozesuan, esaterako, identifikatu dugu adinekoak kulturgintzara hurbilarazteko nahia, edo euskara ikastekoa. Lehen bakoitza bere aldetik zebilen, eta denak hor elkartzean, beste ideia eta sinergia batzuk sor ditzake. Espero dugu honekin elkarreragin hori erraztea».