[Elkarrizketa] "Dena eman dut beti, eta gustura noa egin dudanarekin"
Bizitza osoa bizikleta gainean eman ondoren, txirrindularitza uztea erabaki du Aritz Bagues oreretarrak. Bi gurpiletako lehia alboratu badu ere, ez du maite duen kirola alde batera utziko, Caja Rural taldeko txirrindulari gazteekin jarraituko baitu zuzendari gisa.
Ibilbide luzea egin ondoren, txirrindularitza uztea erabaki duzu. Zergatik?
Irailean taldeko managerrak deitu zidan nirekin hitz egin nahi zuela esateko. Elkartu ginenean honakoa esan zidan: «Amateur txirrindularien egitura aldatu nahi dugu eta zuregan pentsatu dugu zuzendari gisa aritzeko. Txirrindulari bezala jarraitu nahi baduzu, aurrera, eskaintzen dizugu ziklista bezala jarraitzea, baina aukera polita izan daitekeela uste dugu. Pentsatu eta esango diguzu».
Aurreko urtean aita izan nintzenez, txirrindularitzan urte asko neramatzanez eta ziklismoa sakrifizio handiko kirola denez, etxean egoera planteatu genuen, ekonomikoki kondizioak egokiak ziren eta proposamena onartzea erabaki nuen. Orain beste fase batean sartuko naiz. Hasiera batean ez nuen uzteko asmorik, baina horrela suertatu da dena eta aukera hori hartzea erabaki dut.
Zaila egin zitzaizun erabakia hartzea?
Ez zitzaidan oso zaila egin, haurrak pisu handia izan baitu erabakian. Azken urtean ez dut entrenatzeko arazorik izan, baina kanpora joaten nintzen bakoitzean gero eta gehiago kostatzen zitzaidala ikusten nuen. Orain ere kanpora joan beharko dut, baina ez horrenbeste. Izango dugun egutegia estatuko lasterketena da. Egia da asteburuak hartuak izango ditudala, baina ez naiz hogei egunez kanpora joango. Aurten horrela ibili gara, hogei egun kanpoan eta hamar etxean. Familiarekin zaila da egoera hori eramaten.
Nola baloratzen duzu urte hauetan osatu duzun ibilbidea?
Baikor baloratzen dut nire ibilbidea. Dena eman dut beti, eta gustura noa egin dudanarekin. Lau Espainiako Itzuli jarraian lehiatu ditut, denak bukatuta, eta munduan zehar ere ibili naiz.
Zure ibilbide profesionaleko zein unerekin geratuko zinateke?
Nire lehen Espainiako Itzulia datorkit burura. Muriasekin izan zen, eta lehen etapako Malagako erlojupekoan atera zen taldeko lehen txirrindularia izan nintzen. Gogoan dut atera baino lehen elkarrizketatu nindutela, berriz ere Euskal Herriko talde bat Espainiako Itzulian zegoelako. Egutegian hiru itzuli handi daude, eta horietako bat lehiatu ahal izatea oso berezia izan da.
Nolakoa izan zara txirrindulari eta taldekide bezala?
Taldeko gizona izan naiz. Terreno guztietan ondo moldatu naiz eta, horren ondorioz, beste taldekide batzuen alde lanean aritzea egokitu zait.
Garaipenik gabe itxi duzu zure txirrindulari profesional zikloa, baina zure egitekoa bestelakoa izan da, beti egon baitzara taldekideen mesedera lanean, haien alboan. Nolakoa da rol hori izatea?
Ez da erraza eramaten. Asumitu behar duzu emaitza onak lortzea oso zaila dela. Aukerak izan ditudanean saiatu izan naiz aprobetxatzen, eta irabaztetik gertu izan naiz. Presioa ere ezberdina da, ez baituzu irabazteko behar hori sentitzen. Amateurretan errazagoa da aritzea, baina profesionaletan zure lana da, eta lan guztietan bezala, zure nagusiak exijitu egiten dizu. Presio hori kudeatzea ez da erraza izaten, eta besteak laguntzeko gaudenak presio gutxiago izan ohi dugu. Errazagoa da egoera eramaten.
Urte hauetan lasterketa onenetan hartu duzu parte. Zeinekin geratuko zinateke?
Lehenik Donostiako Klasikoarekin geratuko nintzateke, etxeko lasterketa baita. Euskal Herriko Itzulia ere hor dago, baina urtetik urtera ibilbidea aldatzen da. Klasikoa hemen da, etxe aurretik pasatzen da, eta oso berezia izan da bertan parte hartzea. Klasikoaz gain, Italiako Lonbardiako Itzuliarekin ere geratzen naiz. Nire azken lasterketa txirrindularitzako monumentu bat izatea eta bukatu ahal izatea oso espeziala izan zen.
Lasterketa horietako askotan ere gertukoen babesa izan duzu, ez zara inoiz bakarrik egon.
Jendea beti hor egon da nirekin. Kuadrillakoak gutxi ikusten ditut, baina badakite zein den egoera. Kirolari profesional baten bizitza eta kuadrillakoa ez dira bateragarriak, baina beti babestu didate. Familia, bikotekide eta gurasoen babesa ere beti izan dut.
Arantzaren bat geratu zaizu?
Ez zait arantzarik geratu. Nik dena eman dut, eta irabazi ez badut, edo gehiago lortu ez badut, ezin nuelako izan da. Nire esku zegoen guztia egin dut, eta atera da atera dena.
Nolakoa da txirrindulari profesional izatea? Nola daramazue prestaketa?
Oso lan metodikoa da gurea. Bizikleta gainean ordu asko sartzen ditugu, baina hori ez da okerrena, bizikletatik jaisten garenean ere lanean jarraitzen dugulako: zaindu, atsedena hartu, ezin planik egin, etxetik kanpo denbora asko… Sakrifizio handiko kirola da, eta ez da erraza familia edo lagunekin uztartzea, gauza asko uzten ditugu alde batera.
Denbora asko pasatzen duzue etxetik kanpo. Nola eramaten da hori?
Orain arte nahiko ondo eraman izan dut, baina haurra jaio zenetik, gehiago kostatu zait. Jendeak askotan uste du kanpora goazenean oporretara goazela, baina ez da horrela izaten, gu lanera goaz. Bizitza ezberdin bat da, eta niretzako normala da; baina gogorra da, batez ere etxean geratzen direnentzako. Niretzako latza da, baina kanpoan gaudenean burua lanean dugu, ez dugu beste gauzetan pentsatzeko denbora gehiegi izaten.
Aurten, esaterako, Turkian, Grezian, Eslovenian, Polonian, Errumanian, Kroazian edota Italian lehiatu zara. Lasterketa askotan aritu zara etxetik urrun.
Herrialde askotan izan naiz aurten. Nire ezaugarriengatik atzerriko lasterketak hobeto etortzen zaizkit, eta normalean atzerriko egutegia egin izan dut. Euskal Herriko eta estatuko egutegian gutxi lehiatu naiz. Gehienbat kanpoan ibili izan naiz.
Aurtengo denboraldia aipatuta, nola joan zaizu azken sasoia?
Aldrebesa izan da. Nire bizitzako sentsazio onenak izan ditut, baina zortea ez dut aldeko izan, eta erorketa gogorrak izan ditut, bat Turkian eta bestea Polonian. Poloniako Itzuliko lehen etapa bukatu nuen, baina bigarrenean ezin izan nuen atera ezin nuelako besoa mugitu. Turkian ere azken etapan erretiratu behar izan nuen ezkerreko sorbalda txikitu nuelako Ez naiz lesio horretatik guztiz errekuperatu, gainera.
Urtea, oro har, gazi-gozoa izan da, sentsazio onak izan ditut, baina ez dut zorterik izan, erorketa itsusiak izan baititut. Lesio horiengatik bitan hilabetez geldi egon behar izan nuen, eta guretzako denbora asko da hori.
Profesional izateari utzi badiozu ere, ez duzu txirrindularitza alde batera utziko, eta zure azken taldea izan den Caja Ruralen jarraituko duzu zuzendari bezala. Eginbehar ezberdinak izango dituzu hemendik aurrera.
Bizitza pixka bat aldatzen zait, ez dudalako pasako bizikleta gainean lehen adina denbora. Txirrindularitzan murgilduta jarraitzen dut. Orain arte bulego lana egin dut, baina laster hasiko gara kontzentrazio eta lasterketekin. Hortik aurrera, uste dut lana errazagoa egingo zaidala, hori baita kontrolatzen dudan esparrua. Uste dut lan polita izango dela eta ea nola doan.
Nolako erronka aurkitu duzu?
Lehen erronka izan da 26 gazterekin lan egin behar dudala jakitea. Zaharrenak 22 urte egingo ditu aurten, eta gazteenak, 18. Oso talde gaztea dugu, eta horrenbeste txirrindulari nik bakarrik kudeatzea erronka handia da. Oso gazteak dira, eta denek dituzte beren ideiak buruan. Hori dena kudeatzea ez da erraza.
Nolakoa izaten ari da bizikletatik autora pasatzeko aldaketa?
Erraza izaten ari da. Ez dut pentsatzeko denbora gehiegirik izan, hiru hilabete izan dira soilik. Beharbada arraroa egingo zait nire taldekide ohiekin elkartzen naizenean eta lasterketak hasten direnean, eurak bizikletan eta ni kotxean.
Gazteenekin egongo zara zuzendari gisa. Zer transmititzen diezu?
Gazteekin egongo naiz lanean, baina profesionalekin batera ere ariko gara. Nik nahi dudana da ofizioa erakustea. Badakigu gure txirrindulariak onak direla, estatu mailako ziklista onenetakoak direla, baina ofizioa erakutsi behar zaie, gauza bat baita ona izatea eta beste bat ofizioa jakitea. Hori da egin nahi duguna. Profesionaletara jauzi egiteko aukera badute, ofizioa zer den eta nola lan egin behar duten jakitea garrantzitsua da. Ez da erronka erraza izango, baina hori da nire egitekoa.
Denboraldia hastear dagoela, txirrindularitzan aritzeko behar hori sartzen ari zaizu? Edo mentalizatua zaude eman duzun aldaketaz?
Uste dut mentalizatua nagoela. Lehen bizikleta gainean asteko 25-30 orduz aritzen nintzen, eta orain hamar bat ordu sartzen ditut soilik. Mentalizatua nago, beste bizitza mota bat da eta oraingoz ondo daramat. Ikusiko dugu lasterketak hasten direnean nola eramaten dudan.