Blas de Lezo 6ko eraikina ez da kolapsatuko, goizeko txostenaren arabera
Atzo arratsean etxetik atera zituzten 42 bizilagunek ezin dute bertara sartu. Alkateak azaldu duenez, errementari baten piezaren zain daude.
Antxoko Blas de Lezo kaleko 6 zenbakiko 42 bizilagun etxetik atera behar izan zituzten atzo arratsean, eztanda bat entzun ondoren. 19:15 inguruan, zazpi solairuko eraikinaren zutabeetako bat zartatu egin zen, eta Pasaiako Udala aldundiaren larrialdietako unitatearekin harremanetan jarrita, etxetik kanpo pasatu behar izan dute gaua.
Batzuek senideen etxeetan pasatu dute gaua, eta beste batzuk Lintziringo hotelera eraman zituzten, berandu baino lehen. Bizilagunei utzi zieten beharrezko gauzak hartzen —botikak, esaterako—, baina suhiltzaileei tokia adierazita, beraiek sartu gabe.
Izaskun Gomez Pasaiako alkateak azaldu duenez, eraikina habetzea —apuntalatzea— astelehenerako utziko zuen udal arkitektoak, baina estrukturan aditua den batekin kontsulta eginda, “berehala” habetzea erabaki zuten. Eraikuntza enpresa batek gaur goizean egin ditu habetze lan horiek.
Kaltea, pixka bat “arinagoa”
“Arkitektoak ari dira prozesuaren pauso guztiak finkatzen, eta hurrengoa hautsi den zutabea indartuko duen metalezko pieza bat jartzea izango da”, aurreratu du Gomezek larunbat eguerdian.
Errementariek pieza hori egitean ezarriko da eraikinaren zutabean, eta behin jarrita, balorazio berriak egingo dituzte. Pasaiako alkateak argi utzi nahi izan du berriak “bost minutuero” aldatzen joaten direla, eta informazio “kontrajarriak” sor daitezkeela.
“Iturri batzuek esaten dutenez, gaur bertan urgentziazko gauza batzuk hartzera sar daitezke suhiltzaileak. Beste batzuen arabera, berriz, hobe dela inor ez sartzea pieza hori jarri arte”, gaineratu du. Horregatik, momenturo koordinatzen ari dira udala, arkitektoak eta larrialdi zerbitzuak.
Goizean zehar egoera aztertzen aritu den arkitektoak ebatzi duenez, istripuak eraikinean izan duen eragina ez da atzo arratsean pentsatzen zena bezain larria. “Esaten dugun hau ahal bezain besteko tentuarekin esaten dugu, baina eztanda egin zuen zutabearen kaltea ez da eraikin osora zabaldu. Esan dezakegu uste zitekeena baino albiste hobeak daudela”, gaineratu du Gomezek, “tentu handiarekin” jokatu behar dela berretsita.
Ondorioz, Blas de Lezo 6 zenbakiko eraikina kolapsatu ez dela erantsi du, bart “momenturen batean” aipatu zen arren. Informazioa aldakorra den arren, alkateak uste du metalezko pieza jarri arte ez dela aldaketa handirik izango.
Bitartean, 42 bizilagunek etxetik kanpo jarraitu beharko dute. Aldundiak hiru egunez emango die ostatu, baina egoera epe horretatik harago luzatuko balitz, udalak hartuko lituzke gastuak bere gain, alkateak ziurtatu duenez.