Energia trantsizioa, zaintza eta kultura, udalaren aurtengo erronkak
Hasi berri den urtearen aurrekontua xehatu du Oiartzungo Udalak, "erronka estrategikoak" azalduz. Iazkoa baino %1'8 altuagoa da.
Oiartzungo udal gobernuaren aurrekontuak pasa den abenduaren 20an onartu zituzten plenoan —EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin—. Inoizko aurrekonturik handienak izango dira, aurrekoak baino %1,8 handiagoak.
Udal gobernu taldeak bere aurrekontuko ildo estrategikoak xehatu ditu. Azaldu duenez, gaur egun banketxeekin ez dute mailegurik, eta aurten egingo dituzten proiektuak gauzatzeko ez dute krediturik eskatu beharko.
Lau ildo estrategiko zerrendatu ditu udalak 2023rako. Jon del Olmo Ogasun zinegotziak laburbildu duenez, energia trantsizioa gauzatzeko, zaintza sare publiko-komunitarioa sortzeko eta administrazioaren digitalizaziorako proiektuak aurrera eramateko ditu udalak.
“2023ko aurrekontua aurreko urteetan egin ditugun inbertsioetan ekintzak martxan jartzeko izango da, Landetxeko eraikin berriko kultur eskaintza sustatzeko eta jubilatuen egoitza berriko zerbitzua emateko, besteak beste”, gaineratu du Del Olmok. Kulturak hartuko duen “protagonismoari” batuko zaizkie ongizatea, feminismoa eta euskara.
Modu honetan deskribatu ditu udalak bere diru partiden onuradunak:
-
Herritarren ongizatea bermatu eta pertsonak babestu: Oiartzuar guztiak kontuan hartuz, denon bizi-kalitatea bermatzeko lan egitea da udalaren konpromisoa. 2.550.000 euroko aurrekontua izango du Ongizate Sailak. Besteak beste, menpekotasunen bat duten herritarrei arreta emateko etxez etxeko zerbitzura 793.000 euro bideratuko dira eta herriko jubilatuen egoitza berria martxan jarri eta bertako zerbitzuak eta ekintzak antolatzeko 29.000 euro. Gainera, 2023an Ongizate Saila Fermiñene etxera pasatzeko obra lanak egingo dira, horrela zerbitzu hobea eskaintzeko.
-
Herriko kultur eskaintza indartu: Oiartzun herri sortzailea da. Urtean zehar hamarnaka ekitaldi antolatzen dira. 2023an Landetxe Kultur Aretoa errealitate bihurtuko da eta honek ere herriko kultur eskaintza zabaltzeko aukera emango digu, herriko kultur eragileekin elkarlanean. Horregatik, Kultura Sailaren aurrekontua %44 igoko da 2023an eta 1.127.792 eurokoa izango da.
-
Energia trantsizioa eta mugikortasun jasangarria sustatu: Aurreko albistean aipatu bezala, energia eredu jasangarriagoa lortzeko proiektu ezberdinak martxan jarriko dira. Gainera, Xorrola eta Taxibus zerbitzuak sustatzen jarraitzeko 287.000 eta 55.000 euroko partidak aurreikusi dira, hurrenez hurren.
-
Elikadura burujabetza lortzeko proiektuak bultzatu: Gure elikagaiak bertan ekoitzi eta kontsumitzeko proiektuak laguntzen jarraituko du Udalak, lehen sektorea bultzatu eta elikadura burujabetza lortzeko. Besteak beste, lehen sektoreko ustiapenak diruz laguntzeko 60.000 euro aurreikusi dira eta nekarazi eta abeltzainek sortu nahi duten elkartea laguntzeko 30.000 euro gorde dira.
Feminismoa eta euskara, zehar lerroak
Oiartzungo Udalak gogorarazi duenez, beraien jardunean zehar lerroak dira feminismoa eta euskara. “Udal sail guztiek dute Oiartzun euskaldun eta feminista lortzeko konpromisoa”.
Udalaren I. Plan Feminista martxan jarri eta helburuak lortzeko asmoz, sail horren aurrekontua %7 igo dute. 137.454 euro bideratu dizkiote sail horri.
Bestalde, euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzeko asmoz, Hizkuntza Normalizaziorako Sailak 516.202 euroko aurrekontua izango du.
Eragile, elkarte eta norbanakoei diru-laguntzak
Oiartzungo eragile, elkarte eta norbanakoek jasoko duten diru partida 3.734.885 eurokoa da. Aurrekontuaren %20, udalak nabarmendu duenez, iaz baino 308.286 euro gehiago.
“Oiartzungo Udalaren kudeaketaren funtsa parte-hartzea da, elkarlana da ardatza. Oiartzungo eragileak, elkarteak eta hauen dinamikak dira herri bizi eta izaeraren adierazle nagusia”, esan dute. Herriko eragile eta norbanakoen lanari esker hainbat ekitaldi antolatzen dira urtean zehar: “Bidelagun hauek gabe ez genuke gaur egun dugun herri kohesio eta ongizate maila izango”.