Altzako txapela, Oihan Etxeberriaren Erregetako oparia
Oiarpeko pilotariak eta Lizeagak osatutako bikoteak Altzako txapelketako finala eraman du, lehia oso estua izan eta gero.
Oihan Etxeberria Oiarpeko pilotariak, Ekain Lizeaga atzelari astigartarrarekin bikotea osatuz, Altzako XXII. Gabonetako Torneoaren txapela eraman du Oiartzunera.
Pasa den ostiral goizean, Errege Egunarekin, jokatu zuten txapelketa horretako azkeneko partida, Altzako pilotalekuan. Irribarria eta Erasun izan zituzten arerio, eta partida oso lehiatua jokatu zuten. Hain lehiatua ezen tanto bakarrarengatik nagusitu baitziren (22-21).
Etxeberriak, modu horretan, beste garaikur bat gehiago irabazi du, denboraldi bikaina eginez.