Egiluze ikastetxeak familia eta irakasleei begirako "desikaskuntza eskola" abiatu du
Orotara lau tailer eta ekitaldi nagusi egingo dituzte, "ikasleen familia inguruneari laguntza emateko eta etengabe aldatzen ari den ingurune kultural, sozial eta ekonomikora egokitzeko" asmoz.
Egiluze ikastetxeak “desikaskuntza eskola” berri bat abiatu duela jakinarazi du, irakasle eta ikasleen gurasoei bideratutakoa, Desikas dezagun lemapean. Orotara lau tailer eta ekitaldi nagusi egingo dituztela esan dute, “ikasleen familia inguruneari laguntza emateko eta etengabe aldatzen ari den ingurune kultural, sozial eta ekonomikora egokitzeko” asmoz.
Taldearen eredu pedagogiko kooperatiboan izango dute oinarria ikastaro hauek eta kontsumoa, aisialdia, lidergo eta rolak izango dituzte hizpide.
Ikastetxeko taldearen kudeaketak atzemandako beharrei erantzuteko abiatu dute programa. Finean, “helduok buruan ditugun garai bateko mundurako eraikitako eskemak desikastea” du helburu egitasmoak.
Otsailean abiatuko dute programa, eta udaberrian zehar luzatuko dute. Informazio gehiago jasotzeko, helbide honetara idatzi edo 943 51 06 54 telefono zenbakira deitu daiteke.