[Erreportajea] ‘Mare’, Ilargiko itsasoetan poesia artean murgiltzeko
Nerabeei zuzendutako poesia liburua argitaratu du 1545ek. 29 poetaren lanak bildu dituzte, ilargi-itsasoen izenek inspiratuta, eta hitzaurre filosofiko, zientifiko eta literarioekin.
Ilargiari buruzko artikulu bat irakurtzen ari zela, Xabi Salaberriak jakin zuen Ilargian itsasoak daudela. «Nola liteke, urik ez badago?», galdetu zion bere buruari. Jakin-mina asebetetze aldera, gehiago informatu zen, eta jakin zuen ilargi-itsaso zirenak ordoki basaltikoak zirela, garai batean erupzioek sortu zituztenak. Gainera, lau izenekin bataiatuta daude: padurak, aintzirak, badiak eta ozeanoa. Bakoitzak izen bat du: Ekaitzen Ozeanoa, Amodioaren Badia, Beldurraren Aintzira… 59 dira guztira urik ez dagoen Lurraren satelite horretan ur-masen izena daramatenak.
Horren berri jakitea urrats txikia izan zen Salaberriarentzat, baina jauzi handia anaia Enekorekin sortu zuen 1545 argitaletxearentzat. Gabeziak atzematen dituzten eremuetan saiatzen dira erantzuna ematen. Adibidez, haur filosofian dagoen hutsunea betetzeko ekarpena egin zuten Hamaika kutixi filosofiko-rekin. Antzeko zerbait egin nahi dute nerabeentzako poesia liburuekin. Horregatik, Mare, ilargiari poemak argitaratu dute. Ilargiaren zikloak 29,53 egun irauten ditu, eta egun bakoitzeko poema bat idatzi du egile banak. Ustez soberan dagoen hori islatzen du Idoia eta Bea Asurmendi ahizpek kantatu duten Mare abestiak, Jon Martin Etxebeste oiartzuarraren letrekin. Youtuben entzun daiteke.
Liburuak hiru hitzaurre ditu. Xabik azaldu du: «Elhuyarreko Ana Galarragak egin du hitzaurre zientifikoa, gazteak ilargiari begiratzen jartzeko, datuak emanez. Iñigo Martinez Peñak, berriz, filosofikoa egin du, argia eta ilunarekin jokatuz. Ilargia ulertzeko modua ematen du. Joseba Sarrionandiak, berriz, literarioa egiten du, eta literatura unibertsalean ilargira egin izan diren bidaiak bildu ditu, 150. urtetik hasita». Modu horretan, «atmosfera literario bat» sortzen dela gaineratu du Eneko anaiak. Miren Agur Meaberen Loaren padura-rekin hasten da poema sorta. «Zerrenda pasatu genien 29 egileei, eta bakoitzak gai bat hautatu zuen. 59 dira guztira, aurkibidean kontsulta daitezkeenak. Egin gabe utzi ditugu, eta irakurle gazteak animatu nahi ditugu gaiari buruz idaztera», esan du Xabik.
Ilustrazioak Udane Ansa oiartzuarrarenak dira. «Udaneri [Ansa] proposatu geniona izan zen poema bakoitzeko iruditxo bat jartzea, baina hain onak iruditu zitzaizkigun, eta bera hainbeste inplikatu zen, ezen bakoitzaren ilustrazio bat egin zuela», zehaztu du Enekok.
Poesiagintzaren lagina
29 poemen ondoren, Iratxe Retolazak egile bakoitzaren biografia idatzi du. «Poeten artean islatu nahi genituen Euskal Herriko zazpi lurraldeak, generoak, adinak, euskalkiak… Askoz poeta gehiago daude, baina nahi genuen gazte batek liburua hartzen duenean, aniztasun hori ikustea. Panoramaren lagin bat ikusarazi nahi genuen», adierazi du Xabik. Jean-Louis Davant da egileen artean zaharrena, 87 urterekin, eta Leire Vargas gazteena, 21 bete berri ditu. Horrez gain, Retolazak beste ekarpen bat egin dio Mare liburuari: ilargiak euskal literaturan izan duen presentzia laburbildu du, ahozko literaturatik hasi eta poesiara arte. Ilargiak presentzia duen poema zati bat erantsi du, adibide gisa.
Ilargi-itsasoen zerrenda osoa ez dute egin, gazteak idaztera animatzeko
Esan dutenez, «lan handia» eman die koordinatzeak. Xabiren arabera, idazleen zerrendan, Euskadi Saria jaso duten dezente daude, eta beraiena bezalako «argitaletxe txiki» baten gonbitari baiezkoa esateak harritu ditu: «Denek baiezkoa eman digute, salbuespen pare bat kenduta, ez dutelako azken urteetan poesiarik idatzi. Oso eskertuak izan dira, eta batzuek ez dute kobratu nahi izan», azaldu du Xabik. Finean, «hasieratik» buruan zutena egin ahal izan dute, Enekoren arabera, bai eduki aldetik baita forma aldetik ere.
Prozesu koordinatzea «lan handia» izan dela berretsi du Xabik. Data zehatza da, gainera: «Ana Galarragari hitzaurrea eskaini genionetik liburua inprentara bidali genuen arte urtebete pasatu da, zehatz-mehatz». Ilargiak Lurrari hamahiru buelta emateko behar duen denbora, alegia.