Oiartzungo abeltzainek urteko batzarra egingo dute larunbatean
Iaz mendietan egindako lanen berri emango dute, eta aurtengo beharrak jasoko dituzte saioan. Abeltzain guztiak daude gonbidatuta.
Oiartzungo abeltzainak urteroko bilerara deitu dituzte. Datorren larunbatean —hilak 21— izango da batzar ireki hori, udaletxeko pleno aretoan, 11:30ean hasita.
Herriko abeltzain guztiak daude gonbidatuta. Iaz mendietan egindako lanei buruzko informazioa emango diete, eta aurtengo urterako dauden beharrak jasoko dituzte.
Herriko abeltzainen ordezkariek, Oiartzungo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Etorlur sozietateko teknikariek Goilarre koordinazio mahaia osatzen dute. Urtean zehar mendiko beharrak zein diren ikusi eta egin beharreko lanak zehazten dituzte.
Horrez gain, urtean behin bilera egiten dute, herriko abeltzain guztiekin. 2023. urteko hau da larunbatean egingo dena.