Oiartzun ibaiko barandetan sare-babeslea jarri du udalak
Metalezko txapa zulatuak jarri dituzte Iztietan, erdialdean, Gabierrotan eta Fanderian, "bide publikoan utzitako hondakinak ibaira isurtzea saihesteko" asmoz.
Oiartzun ibaiaren bazterretan dauden baranden beheko aldean metalezko txapa zulatuak jarri berri ditu udalak, “bide publikoan utzitako hondakin solidoak, batez ere, plastikoak, ibaira isurtzea saihesteko” asmoz. Iztietan, erdialdean, Gabierrotan eta Fanderia auzoetan jarri dituzte txapa horiek, orotara, 1.029 metroko luzeran.
Udaleko iturriek nabarmendu dute “Errenteria garbiago baten alde lan egiteko konpromisoa sendoa” duela eta ez duela etsiko “hondakinen kudeaketaren arloan jardunbide txarren kontrako etengabeko ahaleginean”. Horregatik, dei berezia egin diete hondakinak lurrera botatzen dituzten herritarrei, “hauen bilketa eta kudeaketa egokian modu aktiboan parte har dezaten”.