Donibaneko ostalari eta merkatariak ere, obra "integralaren" alde

Saneamendu integralerako auzotarren batzordeak idatzi bat erregistratu du gaur goizean udaletxean, 300dik gora bizilagunen babesarekin.

Gaur goizean udaletxearen aurrean elkarturiko bizilagunen argazkia da honakoa.

Donibaneko saneamendu integralerako auzotarren batzordeak bizilagunen beharrak lehenetsiko dituen obra baten aldeko beste urrats bat egin du gaur goizean, udaletxean idazki bat erregistratuz. 09:00etan egin dute erregistro formala, eta 09:30 inguruan bi dozena lagun elkartu dira azken ekintza babesteko.

2021eko urrian barrutiko saneamendurako aurreproiektua aurkeztu zitzaienetik, kezka da nagusi sanjuandarren artean. Nagusiki, hiru arrazoigatik: irtenbide integrala ez dela uste dutelako, obra epeak luzeegiak direlako, eta aurreko proiektuetan barnebilduta zegoen gas-hornidura proiektutik baztertu dutelako organo arduradunek.

Gaur udalean aurkezturiko dokumentuan gaiari loturiko gertakarien eta herri mugimenduaren jardueren gaineko errepasoa egin dute egungo egoerara heldu arte. Horrez gain, eskakizun zehatza egin dute idatziz: “Pasaiako Udalaren eta bere gobernu-taldearen jarrera ezagutzeko bilera bat egitea eta planteatutakoari idatzizko erantzuna ematea”.

[Iragan abenduan 374 alegazio erregistratu zituen herri batzordeak aldundian, Donibaneko bizilagun, merkatari eta ostalarienak. Horri buruzko xehetasun gehiago, eta egoeraren gaineko errepasoa, ostiral honetan argitaratuko den Oarso-Bidasko HITZAren papereko edizioan].

 

 

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.