Orgasmok identitate bisual berria du
Elurtza Mitxelenak sortu du Oiartzungo Gazte Sortzaileen logotipo berria. Instagramen kontua ireki berri dute.
Oiartzungo Gazte Sortzaileek (Orgasmok) pasa den apirilean aurkeztu zuten bere proiektua, manifestu batekin.
Ordutik ekitaldiak antolatzen aritu dira, kanpora begira, baina barne-antolaketari ere eskaini diote bere denbora. Izan ere, identitate bisuala zen egiteke zuten gauzetako bat.
Elurtza Mitxelenari eskatu zioten logotipo berria diseinatzea, eta berak sortu du taldearen zigilu izango dena.
Horrez gain, sare sozialetarako jauzia ere eman dute, zein estetika izan behar duen landu ondoren. Instagrameko kontua ireki dute, eta orain arte egin dituzten ekitaldiak igotzen joango dira pixkanaka. Hala ere, ez da artxiborako kontu hutsa izango: hemendik aurrera egingo dituztenak ere igoko dituzte bertara, post, story edo reel-etan.
Hasi dira sare soziala elikatzen, ongien dakiten moduan: sormenarekin.