Baso Bizien Astea, Jaizkibel mendiaren egoeraz ohartarazteko
Amezti Basoak Bizirik Jaizkibel taldeak erakusketa eta hitzaldia antolatu ditu datorren asterako.
Amezti Basoak Bizirik Jaizkibel taldeak, Jaizkibel mendiaren gaineko egoeraren berri emateko Baso Bizien Aste antolatu du hilaren 23tik 28ra. Horren oinarrian bi jarduera izango dira: lehena, datorren astean zehar (23tik 28ra) zabalik izango den Jaizkibelgo paisaiaren bilakaera erakusketa; bigarrena, hilaren 26rako antolatu duten hitzaldia.
Jaizkibelgo paisaiaren bilakaera erakusteka Kultura Aretoan ahalko da bisitatu, astelehenetik ostiralera 10:00-13:00 eta 18:00-13:00 tarteetan, eta hilaren 28an (larunbata) 11:00etatik 13:00etara.
Hilaren 26ko hitzaldia (18:30ean, Kultura Aretoan) Iñaki Aizpuru Oiarbidek emango du. Itsasondoko alkatea da Aizpuru, Naturkoneko kidea, urte askoan ingurumen gestioko arduretan ibilitakoa da.
Lurra galtzen
Ameztiko kide Josu Pikabeak Antxeta Irratiari esandakoaren arabera, Jaizkibel mendiaren baso eta ekosistema naturalaren egoera oso larria da. Azken urteetan mendiak sute txikiak pairatu izan dituen arren, 2010ean 500 hektarea kiskali zituenak, eta bereziki, 1989ko sute handiak gogor kolpatu zuen bertako zuhaiztia. Haatik, “orduz geroztik landatutako gehiena egur ustiakuntzarako bideratua izan da, pinu radiataren monokultiboa gehienetan, eta azken urteetan onddoak jotzen duenez, eukaliptoa hedatzen ari da”, dio Pikabeak.
Ameztik gogorarazi duenez, matarrasa egiten den eremuetan hektarea bakoitzean urtero 25 eta 100 tona lur artean galtzen dira. “Lur hori guztia euri urek eramaten dute, erreketara edota ipar isurialdean itsasora zuzenean”, argitu du. Horren aurrean, berezko ekosistema mantendu eta indartu nahi bada, bertako espezieekin sortutako baso iraunkorrekin mendia estali behar da Pikabearen ustez. “Gizakiak landatu edo bere erabileraren ondorio da hori, baina naturari utzi behar zaio bere bidea egiten, bertako espezieak hedatzeko baldintzak ezarriz”, aldarrikatu du. Pinua, eukaliptoa, haritza amerikarra edota gaztainondo japoniarraren hibridoa da gehiena Jaizkibelen gaur egun, “dena kanpokoa hegoaldeko isurian batik bat”, eta bertako haritza edo ameztien baso urri eta sakabanatuak besterik ez daude.