260 etxebizitza dira eraikitzear Lezon
Olatzarren 120 dira, Altzaten 88, eta Aralar kalean 52. Babespeko etxebizitzak eskuratu ahal izateko baldintzen berri apirilean emango du udalak.
Lezoko Udalak, udalerrian eraikitzear diren etxebizitzak zerrendatu ditu: Altzaten, Olatzarren eta Aralar kalean egingo dituzte. Horien gaineko xehetasunak eman ditu, egungo egoera zein den azalduz. Aurrerantzean izango diren berritasun guztiak (eraikuntza prozesuaren egoera, etxebizitza babestuen kasuan zozketen informazioa…) udalaren webgunean publikatuko dituztela azaldu du udal erakundeak. Hiru egitasmoak aintzat hartuta, orotara, 260 etxebizitza gehiago izango dira Lezon aurki.
Altzateko Lezoko zatian (Errenteria-Oreretari dagokion zatian ere etxebizitzak egingo dituzte) orotara hiru etxebizitza dorre egingo dituzte. Bi dorre etxebizitza librekoak dira, eta bakoitzak 36 bizileku izango ditu. Hirugarren dorrea babespeko 16 etxebizitzakoa izango da, udalak kudeatuko ditu, eta zozketa bidez esleituko dira. Denek garajea dute.
Olatzarren, berriz, 120 dira eraikitzen ari diren etxebizitzak. Horietatik 30 salmenta librerako dira, 66 babes ofizialekoak (horietatik 33 udal lurzoruan eraikitakoak), eta beste 24 etxebizitza tasatu. Denek garajea dute. Babes ofizialeko 66ak eta 24 tasatuak udalak zozketa bidez esleituko ditu. Oharra: udalak oraindik ez du erabaki Olatzarren udalaren jabegoko den lur eremuan eraikiko diren babes ofizialeko 33 etxebizitzak alokairuan edo jabetzan esleituko diren.
Bestalde, Aralar kalean zuzkidurazko 52 etxebizitza egiteko asmoa oraindik indarrean da, udalak horiek eraikitzeko lizentzia 2021eko ekainean eman zuen. Horien gaineko informazio gehiago izateko, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Zerbitzura (Etxebide) deitzeko esan du udal erakundeak, 012 telefono zenbakiaren bitartez (hara deitu, eta Etxebidera bideratzeko eskatu).
Altzate eta Olatzarreko baldintzak
Lezoko Udalak zehaztu du, oraingoz ez duela onartu Altzate eta Olatzarreko etxebizitza babestuen kasuan horiek esleitzeko zozketan parte hartzeko bete behar diren baldintzak. Apirilean onartuko direla esan du. Edonola ere, gaiari dagokion informazioa “behar bezala” Interneten publikatuko dela adierazi du, ondoko webgunean (klik egin hemen).