Ehiza postuen segurtasunagatik kezka agertu du Eguzki talde ekologistak
Salatu dute azkenaldian sei eta zazpi metro arteko metalezko aldamioak dituzten ehiza postuak "ugaritzen" ari direla, "zuhaitzen adaburuetatik ateratzen direlarik". Baldintza horietan ehizan aritzeak "eragozpenak eta arriskuak" dakartzala diote.
Eguzki talde ekologistak ehiza postuei aplikatzen zaien araudiari buruzko informazio eskaera egin berri dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, aspalditik kezkatuta baitago ehiza postuen segurtasunarekin.
Salatu dute azkenaldian sei eta zazpi metro arteko metalezko aldamioak dituzten ehiza postuak “ugaritzen” ari direla, “zuhaitzen adaburuetatik ateratzen direlarik”. Baldintza horietan ehizan aritzeak “eragozpenak eta arriskuak” dakartzala diote.
2013ko uztailaren 16ko Foru Agindua gogorarazi du talde ekologistak. Honen arabera, ehiza postuak antolatzeko ardura duen erakundeak egingo ditu horiek antolatzeko beharrezko lan eta kudeaketak. Horregatik, taldekoen arabera ardura hori duenez, honako galderak egin dizkiote aldundiari: “Zein arauri jarraitu behar zaio aldamio horiek instalatzeko? Zer baimen behar dira instalatzeko? Zer material mota erabili behar dira eta zein ez? Zein Norbera Babesteko Ekipamendu (NBE) behar da aldamio horiek erabiltzeko?”.