KMK Txikiak emango dio hasiera aurtengo Kilometroak jaiari
Oiartzun ibaia izango dute ardatz eta jokaleku nagusi herriko ikasle eta gurasoek larunbatean. "Herriari izena eta aurtengo Kilometroei izena eman dien errio bazterrean" egingo dituzte ekitaldiak.
Orereta Ikastolak ez du egun bakar batera mugatuko aurtengo Kilometroak jaia. Egun bakarreko festa izateari utziko dio, eta urriko egun handitik harago, urte osoan zehar hainbat ekitaldi eta ekintza egingo dituztela aurreratu dute. Aste honetan abiatuko dute festa, larunbatean (hilak 28) hain zuzen, Kilometroak Txikia jaiarekin, “aurtengo bide oparoari hasiera emateko”.
Herritar guztiei begirako jaia izango da larunbatekoa. Oiartzun ibaia izango dute ardatz eta jokaleku nagusi. “Herriari izena eta aurtengo Kilometroei izena eman dien errio bazterrean” egingo dituzte ekitaldiak. Ikastola kanpokoei ere bertaratzeko gonbita luzatu diete.
16:30etik 20:30era luzatuko dute larunbatekoa, eta bi zatitan banatuko dute, adinaren arabera antolatutako bi gune izango baitira. Batetik, Gabierrotako Evaristo Bozas parkea umeentzako gune izango da, HH eta LH 4 bitartekoei zuzenduta. Jolasak eta tailerrak emango dituzte, eta txokolatada batekin biribilduko dute arratsaldea. Eguraldi txarra eginez gero, Gaztañoko pilotalekura mugituko dute festa.
Bestetik, Gernika parkean ere hitzordua izango dute herritarrek. LH 5 eta DBH bitarteko ikasleentzako gune izango da hau. Bertan ginkana eta merienda egingo dituzte. Eguraldiak ahalbidetzen ez badu, oraingo honetan Koldo Mitxelena ikastetxeko patiora mugituko dituzte ekintzak.
Jokoen ondoren, bi guneetan ibilitakoek erriora joko dute, bidean musikaz lagunduta. 19:00etan aldiz, Panierreko eta Lekuonako zubien arteko ibaiertzak beteko dituzte, bertaratutako guztien artean “erriora argiztatzeko”. Ondoren, Lino parkean emango diote bukaera larunbatekoari, festatxo batekin.
Ekintza eta ekitaldietan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko dela gogorarazi du ikastolak, esteka honetan, osteguna (hilak 26) baino lehen.