Herri Programaren itzulera ekitaldia ostegunean
Ostegun honetan, 18:00etan, Reina Aretoan egingo dute Herri Programaren itzulerako ekitaldia.
Orereta-Errenteriako EH Bilduk, ostegun honetan, 18:00etan Herri Programaren itzulerako ekitaldia antolatu du Reina Aretoan. Koalizioak azaroan abiatu zuen Herri Programaren zirriborroa osatzeko prozesua, zenbait batzar ireki egin dituzte, “herri duinago, kohesionatuago eta bizigarriago bat eraikitzeko bidean”, datozen lau urteetan landu beharreko proiektu eta erronkak definitzeko. Beraz, ostegunean, batzar horietan bildutakoarekin sortutako zirriborroa aurkeztuko dute.
Aurkezpenean, lehenik Asier Etxenike soziologoak herriko erronken diagnostikoa egingo du, baita azken urteetan gertatutako bilakaera soziologikoa aurkeztu ere. Testuigurua azaldu eta gero, Aizpea Otaegi alkategaiak, identifikatutako erronkei aurre egiteko Herri Programaren oinarriak azalduko ditu.
Batzarrean udal hauteskundeen bidean mugarri bat jarriko bada ere, Herri Programa osatzen eta aberasten jarraitzeko, bi bide irekiko dituztela esan dute EH Bilduko kideek. Batetik, orain arte landu dutena herriko eragile sozial eta ekonomikoekin partekatuko dute, eta hala euren iritzi eta proposamenak jaso. Bestetik, postontzi digital bat jarriko dute martxan proposamenak jasotzeko. Xehetasun guztiak osteguneko ekitaldian emango dituzte.