Zaporeak elkartearen aldeko kontzertua larunbatean
Eresmin abesbatzak abestuko du Maria Magdalenaren basilikan.
Datorren larunbatean Errenteria-Oreretako Maria Magdalenaren basilikan, Zaporeak-en aldeko kontzertua emango Eresmin abesbatzak. 20:00etan hasiko da, eta bilduko den diru guztia Lesbosen lanean ari den elkartearentzat izango da. Lourdes Uranga Maria Magdalenako Lagunak elkarteko kideak esan du garrantzitsua iruditzen zaiola gaur egun Zaporeak-ek duen egoeraren aurrean kontzertuari garrantzia eman eta laguntzera joatea.
Urangak azaldu du Eresmin elkarteak behin baino gehiagotan antolatu izan dituela kontzertuak Zaporeak-entzat, eta haien harremana estua dela. Jaime Tejadak, abesbatzaren zuzendariak, azaldu du koruak abesti erlijiosoak abestuko dituela datorren larunbatean, eta kontzertua prest duela organoarekin batera jotzeko. Abestien konpositoreen artean, Aita Donostia, Busto, Sorozabal, Lesbordes eta beste hainbat izango direla azpimarratu du eta ordu bete inguru iraungo du kontzertuak.
Eresmin elkartea
Hasiera batean Erdi Aroko eta Errenazimentuko musikara bideratutako abesbatza zen, orain, errepertorio zabalagoa dute eta euskal konpositoreen abestiak ere sartzen joan dira. Gaur egun, bi helburu nagusi ditu taldeak, bata kulturala, herri eta kultura batzuetara irekita egotea; eta bestea, alderdi soziala, kontzertu solidarioen bidez errefuxiatuen kanpamentuei laguntzea.
Zaporeak
Hasiera batean Etiopiako gerran laguntzeko asmoz sortu zen elkartea, egun Lesbosen ari da lanean. Lesbosen lanean ari zirenei ematen zieten jaten bertara iritsi zirenean, baina gaur egun errefuxiatuei laguntzen diete. Jesus Jalon elkarteko lehendakariak azaldu du diru beharra izaten dutela, inbertsioa handia izaten baita, eta horrelako kontzertuen bidez dirua lortzeak asko laguntzen duela.