EH Bilduk batzarra egingo du larunbatean
Larunbat goizean saioa egingo dute, 2023-2027 epeko erronkak denen artean erabakitzeko. "Komunitate osoa" gonbidatu du EH Bilduk.
EH Bilduk batzarra egingo du datorren larunbatean, hilak 28. Agintaldiaren bukaerako hilabeteak dira, eta koalizioak adierazi duenez, “ongi egindakoak” aintzat hartzeko garaia izango da, eta hobetzeko daudenetatik ikasgaiak ateratzekoa.
EH Bilduren komunitatea osatzen duten oiartzuarrei dei egin diete, 2023-2027 eperako dauden erronkei buruz erabakitzeko. 10:00etan hasiko da batzarra, eta hiru ordu iraungo ditu. Haurtzaro Ikastolako jangelan bilduko dira, eta haur zaintza zerbitzua egongo dela jakinarazi dute. Horretarako e-posta bidez adierazi beharko da haur kopurua eta haien adina.
Honakoak izango dira landuko dituzten gaiak:
- Elikadura burujabetza: elikadura mahaitik burujabetzarantz.
- Energia: energia eredu berrietan energia komunitatea giltza.
- Euskalgintza: erabileraren erronka.
- Feminismoa: gobernantza eredu feministarantz.
- Hezkuntza: herri hezitzailean sakontzen.
- Hirigintza: Oiartzun denon herria.
- Hondakinak: dugun ereduan pausu berriak.
- Kulturgintza: kulturgintza kudeaketa kooperatiboa.
- Merkataritza: komertzio txikiak bertatik bertara.
- Mugikortasuna: mugikortasun eredu berria behar dugu.
- Ongizatea: denona eta denontzat.
- Zaintza: zaintza sareak denontzat.