Ekonomikoki larri dabiltzanak laguntzeko partida, onartuta
115.000 euro bideratuko dituzte diru-laguntzetan. Urteko lehen plenoan elkarteentzako diru-laguntzak onartu dituzte aho batez.
Atzo arratsean bildu zen, aurten estreinakoz, Oiartzungo udalbatza. Hemeretzi gaiko zerrenda izan zuten esku artean, eta puntu guztiak aho batez onartu zituzten.
Egoera ekonomiko larrian dauden norbanako eta familiak laguntzeko 115.000 euroko diru partida onartu zuten. Horrez gain, zailtasunak izan eta egoera zaurgarrian daudenak laguntzeko beste 30.000 euro onartu zituzten.
Urteko lehenengo plenoa izanda, herriko elkarteei diru-laguntzak ematea onartu zuten. Horrela, kirol elkarteei 54.000 euro bideratuko dizkiete.
Herriko museoei dagokienez, udalak Soinuenea 93.300 eurorekin lagunduko du aurten, eta Luberrik, berriz, 63.737,99 euro jasoko ditu. Ibargaini, berriz, 97.700 zuzenduko zaizkio.
Diru-ekarpenekin jarraituta, Urmendi Haur Eskolak 0-3 urteko haurren zikloa garatzeko 2023an 798.000 euro jasotzea onartu zuten.
Gainera, 2023ko Kontratazio Plana onartu zuten atzoko udalbatzarrean.