"Bilatzen dudana da nik sentitzen dudan hori kanporatzea"
Aktore, margolari, argazkilari... Gazte oiartzuarraren sormenak isla asko ditu, diziplina askotan. Bere lanaz aritu da, eta begirada eman dio Oiartzunen sortzen ari den mugimendu berriari.
Aktore aritzen zara, argazkiak ateratzen dituzu, arte plastikoko lanak… Nola definitzen duzu zure burua? Nor da Karen Muñoz Etxebeste?
Askotan egin didaten galdera da, eta erantzuten ez dakit. Hitz bat erabili beharko banu, izango litzateke autonomoa.
Kuotarekin?
Bai, ofizialki [barreak]. Sortzaile multidiziplinarra esango nuke, baina ez guztiz, nik bilatzen baitut hori egitea. Ez diot nire buruari etiketa bat jartzen. Kuriositate handia eta sortzeko beharra daukan artista bat naizela esango nuke, espresatzeko, adierazteko.
Zein diziplinan ibiltzen zara erosoen?
Antzerkian. Argazkilaritza gehiago da hobby-a, ia beti bainoa kamerarekin gainean. Ez badaramat, mina ematen dit… Margolaritzara ere asko jotzen dut. Azkenaldian, gainera, hitza erabiltzen hasi naiz; argazkiei poemaren bat eransten baitiet. Eta orain zeramikarekin hasi naiz, baina hori ikasten, besterik ez.
Noiztik duzu sortzeko harra?
Ttikitatik izan dut. Familian beti eduki dut sorkuntza presente: antzerkigintzari lotutako senideak ditut; aitona batek larrua lantzen zuen eta besteak egurra; aktoreak izan dira familiako asko; akrobata bat ere badaukagu…
Adierazteko moduak bilatzen nerabezaroan hasiko nintzen, baina gehiago gaztaroan. Antzerkia ikasi nahi nuela izan zen pauso erabakigarria, eta antzerkiak eman zizkidan erremintak nire sorkuntza azaleratzeko; beste mila modu daudela ikusten duzu gero. Ttikitan pintura ikasi nuen Joxe Mari Isasarekin, eta konfinamendura arte ez nituen berriro hartu pintzelak. Etxeko margoak deskubritu nituen, berriro hasi nintzen.
«Antzerkiak eman zizkidan erremintak nire sorkuntza azaleratzeko»
Antzezpenak zer du harrapatzeko?
Azaleratzeko eta barrena husteko ahalmena. Beste espresabide batzuk ezagutzeko aukera eman dit. Aktuazio bakoitzaren ondoren aberasgarria iruditzen zait huste lan hori. Gure barnea elikatzen ari gara etengabe, eta noizbait behar dugu askatu. Behin entzun nuen txaloak droga bezalakoak direla, eta egia da. Ikaragarria da jendearen feedback-a jasotzea: zure adierazteko modua iristen denean —eta nola iristen den—, jendearen erantzuteko modua izugarria da.
Bilatzen dudana da nik sentitzen dudan hori kanporatzea, jendearen aurrean jartzea. Norberak barruan dituen gauza horiek ateratzean, ikusleak esatea «niri ere bai pasatu zait», edo «nik ere egiten dut hau». Jendea hain identifikatua sentitzen denean, oso aberasgarria da.
Iaz Azken tragoa mikroantzerkia taularatu zenuen. Ordutik zein da ibilbidea?
Antzezlanei dagokienez, askorik ez. Azaroaren 25ean performance bat egin nuen, eta oso gogorra izan zen. Bortxaketa simulatu nuen, modu gordinean. Ildoa finkatua neukan: bortxaketa adierazi nahi nuen, Lourdes Iriondoren abestia kantatu nahi nuen, eta jendearen besarkadak eta kontaktua bilatu nahi nituen.
Hortik abiatuta, inprobisazioarekin jolastu nuen. Ikusleak zurbil geratu ziren. Ni neu ere harritu nintzen, baina errealitate bat da, eta atera zitzaidana atera zen. Feedback-a ikaragarria izan da, eta inpaktua izan du. Kontua da lehenengo lerroan ume asko zeudela, eta ikusi nituenean esan nion nire buruari egingo nuena ez zela beraientzako egokia, eta ea muga non zegoen galdetu nion nire buruari.
Ez zenuen autozentsuratu nahi.
Abestiarekin hasi nintzenean, umeak barrez ari ziren. Bortxaketaren simulazioa hasi zenean, ume batzuk korrika joan ziren. Tartean, antzerki-eskolak ematen dizkiedan hiru ume zeuden.
Bukatu eta batek galdetu zidan lehenengo gauza izan zen: «Benetan egin al duzu negar?». Beste batek, esan zidan «guai» —hitz hori erabili zuen— zegoela ikustea askotan kontatu zieten gauza bat, baina sekula ikusi ez dutena. Hamar urteko neska batek esatea horrelakoak gertatzea oso gaizki dagoela…
Artea aldarri baten mesedera egon behar da, edo arteak berak aldarrikatzailea izan behar al du beti?
Ez du zertan. Uste dut askotan bilatzen dugula aldarri hori, eta artistek horretara jotzen dutela, modu batera edo bestera. Batzuetan modu garbian; bestetan, ez. Artea, niretzako, probokazio bat da. Publikoarengan beti sustatu behar du emozio edo aldarri bat. Aukera ematen du horretarako, zertarako desaprobetxatu? Arteak laguntzen du aldarri hori ikusarazten, alegia, mezua iritsarazteko beste bide bat da. Hain gordin egin behar da mezua hel dadin…
Azaroaren 25eko performance-ra bueltatuta, zergatik izan behar du bortxaketa bat, indarkeria mota gehiago daudenean? Begiradak, adibidez? Modu askotara joka daiteke.
Esana duzu zure genero gogokoena umore absurdoa dela.
Hala jarraitzen du izaten, baina drama oso gustuko dut baita ere. Umore absurdoa da adierazteko zailena egiten zaidana, eta erronka bat da niretzako. Horregatik gustatzen zait. Umoreak asko eskatzen du: erritmo azkarra behar du, erreakzio azkarra, eta ez baldin badakizu hori eramaten, galdu egiten zara, baita publikoa ere.
Galtzen zaren momentuan, antzezlana ez doa inora. Umore inteligente bat dela esango nuke; batzuek ez dute ulertzen, baina hor daude [barrez]. Azkenaldian, hala ere, nire sorkuntza teatralak dramatik eta tristuratik joan dira gehiago, beste puntu emozional batetik. Horrela sentitu naiz ni, eta errazago egin zait horrela sortzea.
«Entzun nuen txaloak droga bezalakoa direla; ikaragarria da jendearen ‘feedback’-a jasotzea»
Zer duzu esku artean?
Sorkuntza propio aldetik, nahiko stand-by nago. Gazteen Antzerki Topaketak egiten dira Donostian, eta nabilen gazte taldearekin antzerki bat zerotik sortzen ari gara. Orain arte egin ditudanak formatu txikian eta oso pertsonalak izan dira. Orain zuzendari moduan nabil; ez naiz sekula horretan aritu, eta buru-belarri sartuta nago gazteen antzezlana aurrera ateratzearekin.
Zuzendari lana gustuko dut, baina kristoren lan karga da, uste nuena baino gehiago.
Ez dut ezer sortu, nahi nuelako beraiek sortzea. Batzuetan egiten dena da gidoi moldatu bat eman, eta aurrera. Ez da kasua. Gazteek —Batxilergoko Lehen Mailakoak— pertsonaia bana sortu dute, eta obra da sortu behar dena, piezak elkartuz. Pertsonaia horiek zein girotan kointzidituko luketen ikusi behar da. Hor nabil.
Oso polita izaten ari da, itxaropen handia dut beraiengan. Uste dut aldaketa bat behar zutela, eta eskertzen ari direla. Oraintxe nire indar guztiak horretara bideratuta daude.
Hala ere, duela gutxi film labur baten produkzio lanetan aritu naiz lanean, eta aktore bezala egingo dut lan beste batean. Horrez gain, film labur gehiagotan parte hartuko dut, produkzio lanetan.
Mundu ezezaguna zen niretzako, eta uste nuen ez nuela sekula parte hartuko. Kamera atzeko lan hori asko gustatu zait, eta agian izan daiteke nire etorkizuna hortik joango dela…
Antzerkigintza alde batera utzita, ba al duzu denbora beste diziplinetarako?
Bai. Argazkilaritzan, hainbeste argazki ditut, eta ateratzen jarraitzen dut… Oso gustuko dut, eta pentsatu behar duzu argazkian zein egoera harrapatu nahi duzun. Argazkiak ateratzea meditazio momentu bat bezalakoa da. Lasai zauden momentu horretan ari zara argazkia ateratzen.
Argazkia atera, ikusi eta esaten duzu, «bai, hau da, une hori harrapatu dut argazki horretan». Zen momentua da. Kamera beti daramat gainean, baina agian momentua ez delako, ez dut argazkirik ateratzen. Errealitateko momentu jakinak gordetzen saiatzen naiz.
Eta arte plastikoak.
Egin nuen azkeneko gauza egutegi bat izan zen, ilargiarekin zerikusia daukana. Nahiko lunatika naiz, eta zerbait egin behar nuen. Horrez gain, forma biribileko mihiseak badaude, eta kuriositatea neukan nola geratuko zen akuarelekin, ez baitaude horretarako sortuak.
Probatzen hasi nintzen, negu honetan bertan, eta egin dudan lanik asebetegarriena izan da, biribilena. Bukatzean, nire buruari galdetu nion ea zergatik ez nuen lehenago probatu. Oso polita eta errealista geratu zitzaidan. Ilargiak margotu nituen, nola ez.
Argia emateko akriliko pixka bat eman nion, baina gainontzekoa akuarelekin eginda dago. Saiatuko naiz mihisearekin gehiago esperimentatzen.
Kultur mugimendua mugitzen ari da Oiartzunen. Hor daude Orgasmoko gazteak, adibidez.
Ez dut parte hartzen, ez nuelako nahi beste talde batean sartu. Parean goaz, hala ere; prest nago edozertan laguntzeko. Gure aurretik ibili izan direnak modu oso independentean aritu dira, uste dut, eta orain sortu dena da sortzaileen arteko elkartruke bat, baita belaunaldien artekoa ere.
Aurrekoek bidea eginda daukate, posizio bat badaukatela esan daiteke. Gazteak elkartu gara ezjakintasunarengatik, ez genekielako nora jo, eta sare bat sortu dugu, gure tokia egin, saretu, gure lana herrian ezagutarazteko. Ibilbide bat daukazunean errazagoa da zure lana ezagutaraztea. Anonimotasun absolututik hastean, berriz, askoz zailagoa da.
«Pozez zoratzen nago, bazelako garaia gazteek plaza hartzekoa»
Niri, zorionez, bidean ezagutu dudan jende askok lagundu nau eta erakutsi dit. Grazia egiten dit Orgasmoko batzuek, bai Alain Mendizabal eta bai ni tratatzen gaituztela pixka bat gehiago izango bagina bezala, bidea pixka bat eginda dugulako. Ez da hori, eta ez dugu nahi hori izatea.
Askotan ematen du esperientzia pixka bat daukazulako gehiago dakizula, baina ez da hala. Hori ekiditeko beharrezkoa zen talde bat sortzea, denek batera aurrera egiteko. Pozez zoratzen nago, bazelako garaia gazteek plaza kulturala hartzekoa, haize fresko pixka bat sartzekoa, betikoak ez izateko.
Orgasmo orain sortu da, baina lehenago egon ziren elkarketa batzuk, Oiartzuart esaterako. Hori Hiru Biñaka-tik sortu zen, eta hura izan zen inflexio-puntua.
Etorkizuna dagoela ikusten duzu.
Bai, eta jendeak gogoa dauka aurrera egiteko eta erakusteko. Sortzen jarraitu nahi baduzu, plaza behar duzu. Ondoan konprenitzen zaituen jendea daukazunean, bidera zaitzakeena, hori bakarrik edukitzea bada zerbait.
Oiartzunen kultura kontsumitzen duen jendea badago, eta egoten jarraituko du. Beti berdinak izan ohi dira, kulturak azken finean bere publikoa duelako, gainontzeko alorrek duten bezala. Gazteen artean badago kuriositate bat beste esparruetara zabaltzeko.
Esango nuke Oiartzunen gazteak oso gogor jotzen ari direla, baina ez Orgasmo bakarrik, baita beste talde eta elkarteak ere. Bazegoen beharra kultura beste belaunaldi batzuei zabaltzekoa, baita kultura gaur egunera egokitzekoa ere.
Gainera, denak Landetxeko auditorio berriaren zain gaude. Pleno aretoa gauza batzuetarako ez dago gaizki, baina ez dago horretarako egina. Uste dut auditorioak ekarriko duela mugimendu gehiago.