[Bideoa] Pasaiako hamabi proiektu handiak, erakusketa ibiltarian
Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan duen erakunde ordezkaritza bat Trintxerpen elkartu da gaur goizean, erakusketa abiatuz.
Gaur goizean Trintxerpeko Gudari plazan bat egin du Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan duen erakunde ordezkaritza batek, Pasaian martxan diren, edo epe ertainean izango diren, proiektuak zerrendatu eta jendaurrean jartzeko asmoz. Horiek edukiontzi itxura duen erakusketa ibiltari batean jaso dituzte, halaber.
Pasaiako udal gobernuko hiru ordezkari izan dira gaur Trintxerpen: Izaskun Gomez alkatea, Lore Suarez alkateordea eta Loreto Osa bigarren alkateordea. Haiekin batera Jaurlaritzako, Pasaiako Portu Agintaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak izan dira, udalarekin batera, proiektu horietan inplikatutako erakunde nagusi gisa.
Datozen bost urteetan 162 milioi euro inbertituko dira Pasaian, honako proiektu hauetan: Adinberri (69 miloi), Antxoko topoa lurperatzea (64 miloi), Andonaegiren berroneratzea (8 milioi), Luzuriaga erosi eta berritzea (6 milioi), Donibaneko saneamendua (4,5 milioi), Herrera iparraldeko —PPAren lurrak— SPRI Eraikina (3,5 milioi), Lonjaren estalkia (3 milioi), Lezo-Donibane bidegorria bukatzea (1,5 milioi), Herrerako pabiloietako estalkia eta topora sarbidea (1,2 milioi), Motorarentzako kai berriak (243.000 euro). Zaku horretan sartu dituzte, halaber, bi urtean behin izango den Itsas Festibala (800.000 euro) eta Albaola.
Horien guztien epeak, aurrekontua eta finantzaketaren arduradunak, badiaren forma duen plano batean kokatu dituzte. Maparen bestaldean, banan-banan eman dute proiektu bakoitzari buruzko informazioa, Pasaia berriro izan lelopean. Liburuxka horiek pasaitarren etxebizitza guztietara helarazteko lanak gaur goizean hasi dira.
Erakusketa ibiltaria
Esan bezala, portuko edukiontzi baten barruan erakusketa ibiltaria sortu dute. Kontainerra gaur goizean heldu da Trintxerpeko Gudarien plazara, eta bertan izango da otsailaren 15era bitarte. Ondoren, San Pedron hartuko du lur otsailaren 28ra arte, eta Donibane eta Antxo izango dira bisitatuko dituen azken barrutiak —ez dute datarik zehaztu—.
Barruti guztietan bisitentzako ordutegia bera izango da: 10:00etatik 13:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara. Pasaiak iraganean jaso izan dituen proiektu garrantzitsuak daude bilduta bertan, eta udalerria etorkizunean zer-nolakoa izango den imajinatzeko proiektuak ere bertan dira, jakina. Denboraren joan-etorriari buruz hausnartzeko bideo bat proiektatuko da barruan, argazki historikoetan ibilbidea eginez.