Taberna eta Chiapuso txapeldun EPLEren finalean
EPLEko pilotariek Eskuz Binakako 1. Mailako Gipuzkoako Trinkete Txapelketako finala jokatu dute: Taberna eta Chiapuso, 40-34 garaile Azpiroz eta Aranbururen kontra.
Eskuz Binakako 1. Mailako Gipuzkoako Trinkete Txapelketa jokoan izan zen larunbatean Irurako trinketean. Finalean, Errenteriako Pilotaren Lagunen Elkarteko (EPLE) bi bikote izan ziren aurrez aurre: Tabernak eta Chiapusok, 40-34 emaitzarekin hartu zituzten mendean Azpiroz eta Aranburu.
EPLEko arduradunek esan dutenez, oso partida gogorra eta lehiatua izan zen. 25. tantura arte, Taberna eta Chiapuso aurretik joan ziren, baina orduan Azpirozek eta Aranburuk markagailua irauli, eta 28-31 aurretik jartzea lortu zuten. 32nako berdinketaren ondoren, gerora txapeldun izango zirenek aurrera urratsa egin, eta Tabernaren sake onei esker euren aldera eraman zuten finala. EPLEk finalean izandako lau pilotariak zoriondu ditu.
Bestalde, herriko pilotazaleen taldeko hainbat kidek Euskal Ligako partidak izan dituzte asteburuan. Ondokoak dira emaitzak:
Eskuz binaka, nagusiak
- EPLE (Etxezarreta eta Aranguren)-Mundarro, 20-22.
Larruzko paleta, nagusiak, Ohorezko Maila
- Kurene-EPLE (Yorel eta Ruben), 35-22.
Pala motza, nagusiak, Ohorezko Maila
- Adurtza-EPLE (Yorel eta Abel), 31-40