Paisan amiantoarekin lan egiteagatik gaixotu den emakume batek kalte-ordaina eskatu du
Eskaeraren gaineko auzi saioa ostegunean izango da Donostian. Asviamiek mobilizazioa egingo du epaitegiaren atarian.
Errenteria-Oreretako Productos Aislantes SA (Paisa) enpresan 1967tik 1974ra arte lan egin zuen emakume batek kalte ordaina eskatu dio Ercros enpresari (Paisaren jabe egin zen gerora Ercros). Izan ere, larri gaixorik dago Patricia S. izeneko emakumea, mesotelioma gaiztoa duelarik diagnostikatua 2021eko irailaren 17tik amiantoarekin lan egiteagatik.
Espainiako Gizarte Segurantza Erakundeak 2022ko apirilaren 22an lan egiteko ezgaitasun osoa ezarri zion Patricia S.-ri, eta aldi berean, Osalanek 2021eko azaroaren 21ean ondorioztatu zuen mesotelioma gaixotasuna “litekeena” dela amiantoarekin lan egiteagatik izatea. Horregatik, langileak jakin gabe, eta legearen kontra amiantoarekin lan eginarazteagatik (emakumea Paisan izan zenean indarrean zen amiantoaren erabileraren kontrako lan segurtasun legedia), 323.946 euroko kalte-ordaina eskatu du kaltetuak. Ostegunean egingo dute gaiaren gaineko epaiketa Donostiako epaitegietan (11:35). Aurretik, 11:05ean, elkarretaratzera deitu ditu herritarrak Asviamie Amiantoaren Biktimen Euskal Elkarteak, epaitegiaren sarreran.
Paisan Patricia S.-k zuen lanpostua produktuak bukatzeko eremuan zegoen. Hau da, Paisan egiten zituzten piezak (automoziorako piezak gehienbat) guztiz leundu eta garbitzen zituen, eta pieza horiek basquelita izeneko osagaia zuten batik bat. Garbitze eta leuntze zereginean hauts asko sortzen zela argudiatu du kaltetuak, eta hauts hori bai bere lanerako jantzietan nahiz enpresan oro har zegoela. Ez zekien pieza horietan amiantoa zegoenik.