Lezo 2030 Izan Eragile agenda onartu dute
Bost ildo estrategikotan banatuta, 131 ekintza zehatz barnebilduta ditu egitasmoak. "Ingurumen eremuan ez ezik, udalerriaren garapen ekonomiko eta sozialean ere hobekuntzak ekarriko ditu", adierazi dute gobernukideek.
Jesus Mari Martiarena alkatea eta Joxean Sanchez Ingurumen zinegotzia, planaren berri ematen. Lezo 2030 Izan Eragile agenda onartu zuten joan den ostegunean egin zen udalbatzarrean. Gobernu taldearen plan hori estrategikoa dela adierazi dute, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) onartutako garapen iraunkorreko helburuekin lerrokatzeko. Bost ildo estrategikotan banatuta, 131 ekintza zehatz barnebilduta ditu egitasmoak. “Ingurumen eremuan ez ezik, udalerriaren garapen ekonomiko eta sozialean ere hobekuntzak ekarriko ditu”, adierazi dute gobernukideek.
Jesus Mari Martiarena alkatearen arabera, datozen urteetan jarraitu beharreko bidea ezarri dute planarekin, “herri eredu jasangarriagoa, inklusiboagoa, ingurumena errespetatuko duena, irisgarriagoa eta berdintasunezkoa lortzeko”. Nabarmendu du diagnostiko batetik abiatuta osatu dela plana, tokiko eta eskualdeko eragileekin, udal teknikariekin eta herritarrekin osatutakoa. “Udalerria planifikatu, diseinatu, finantzatu eta kudeatzeko moduan aldaketa ekarriko du. Ez da dokumentu itxia, baizik eta parte hartzeko prozesu ireki eta malgu baten abiapuntua, gardentasun eta zeharkakotasun irizpidean txertatuz”.
Joxean Sanchez Ingurumen zinegotziaren ustez, Lezo 2030 Izan Herrigile agendaren Lezo “eskualdeko erreferente” izango da. “Jasangarritasunean, klima-aldaketaren inpaktuak aurreikusten eta murrizten lagunduko du, baliabideen kudeaketa jasangarria egiten eta ekonomia zirkularra eta mugikortasun iraunkorra bultzatzen ere. Aldi berean, gizarte-kohesioa eta enpleguaren sorrera eta jarduera ekonomikoaren dinamizazioa sustatuko ditu”.
Honakoak dira bost ildo estrategikoak, hitzez hitz (131 ekintza zehatzak ikusteko joan udalaren webgunera):
1- Hiri-eredu jasangarri bat sortzea, herritarren ongizatera bideratua, klima-aldaketara egokituko dena.
2- Trantsizio sozioekologikoan, inklusiboan, berritzailean eta iraunkorrean oinarritutako garapen ekonomikoa bultzatzea, enplegu integrala eta kalitatezkoa bultzatzeko.
3- Herritar guztien ongizatea bermatuko duen gizarte bat eratzea.
4- Kulturaren, kirolaren eta hezkuntzaren arloko sorkuntza eta eskaintza zabala sustatzea, eragileen arteko lankidetzan oinarrituta.
5.- Lezo udalerri iraunkorra izatea, udal-gobernantza eta eredu berriaren bidez.
