Eguzkik eskatu du Satrustegiren lurrak Lezoko Udalak eros ditzala
Talde ekologista eta antinuklearrak zehaztu du Satrustegi familiaren oinordekoek salgai jarri dutela 220.394 metro koadroko partzela.
Ameztiren eta Etxetxoren eskaerarekin bat egin du Eguzki talde ekologista eta antinuklearrak: Iparragirre eta Sotxoko lur eremuak, Satrustegi familiarenak, herri lur izan daitezela nahi du. Eguzkik lursail horiek Satrustegi familiaren oinordekoek salgai jarri dituztela zehaztu du, eta horiek eros ditzala eskatu dio Lezoko Udalari: “Lurrak erosteko negoziaketetan temati eta sinesgarri izateko eskatzen diogu Lezoko Udalari”. Ameztik eta Etxetxok espropiazioaren bidea har zezala eskatu zioten udalari. Orotara, zonalde horrek (1. poligonoko 145. katastro partzela) 220.394 metro koadro dauzka.
Eguzkiren ustez, Satrustegiko zonaldea “eremu kritiko” da. Izan ere, hango lotura ekologikoen funtzionaltasuna arriskuan jartzen duten hainbat faktore daudelako haien ustez, tartean direlarik AHTaren trazatua, errepideak edo lurzoru urbanizagarri bihurtzeko aukera.
Eguzkik hainbat onura ikusi dizkio eremua herri lur izateari. Horrela zerrendatu ditu (hitzez hitz):
1.- Lezon balio agrologiko handiko lurzoru urbanizaezin urria hirigintzaren aldetik blindatzea.
2.- Herria gertuko birikaz hornitzea, udal honek berak kudeatuta, udalerritik hurbilen dagoen ingurumena honda dezaketen hirigintza edo basogintzako proiektu eta interesik gabe, Jaizkibelgo Kudeaketa Plana indartuz.
3.- Jaizkibel da udalerri honen ondarearen zati den mendi bakarra, eta Udal honek oso lur gutxi du Pasaia edo Hondarribiarekin alderatuta, eta hori nabaritzen hasi da Jaizkibelgo Kudeaketa Plana aplikatzerakoan.
4.- Natura 2000 Sarean babestuta dauden Jaizkibel eta Aiako Harria korridore ekologikoaren ezarpena erraztea.
Lezoko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, zuhaitz exotikoen ordez autoktonoak jartzeko lanak egiten ari da azkenaldian. Ahalegin hori ez litzateke erabatekoa izango, baldin eta ustiapen-interes partikularrak soilik gailentzen badira eremu horren ondoan. EAEko Korridore Ekologikoen Sareari buruzko lurralde-plangintzak, korridore ekologiko nagusien artean, Gaintxurizketako gainaren bidezko Jaizkibel eta Aiako Harriaren arteko korridorea izendatzea proposatzen du, eta gutxienez 300 hektareako moteltze-eremua mugatzen du, Lezoko udalerriko inpaktu negatiboen aurrean.
